Etxegabetze arriskuan daude Donostiako emakume bat eta bere semea, eta beste luzapen bat eskatu dute
Donostiako emakume bat eta bere semea, adin txikikoa, euren etxetik kaleratuak izateko arriskuan daude, apiriletik. Ordutik, bi aldiz lortu dute kaleratzearen epea luzatzea, baina bigarren luzapena abenduaren 31n bukatu zen, eta, beraz, zaurgarritasun egoera larrian daude berriz ere. Horrela, emakumeak hirugarren luzapen bat eskatu du, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera. Ama eta semea tratu txarren biktimak dira, eta alokairu sozialeko Donostiako etxebizitza batean bizi dira.
Emakumearen abokatu Beatriz Rodriguez Apariciok ziurtatu du ama eta semea “zaurgarritasun egoeran” daudela, egoera ekonomiko prekarioa dutelako, emakumeak Donostian zuen ostalaritza establezimenduak pandemian porrot egin ondoren.
Abokatuak etxegabetzea atzeratzeko eskaera aurkeztu du dagoeneko epaitegian, eta Espainiako Gobernuak COVID-19ari aurre egiteko gizarte eta ekonomia arloan hartutako neurrien dekretu luzatuari heldu dio. Emakumeak 17.363 euroko zorra du, Eusko Jaurlaritzari ordaindu gabeko errenta gisa.
Hiru luzapen
Lehenengo luzapena irailaren 30ean bukatu zitzaien ama-semeei, baina bigarren luzapen bat eman zieten, eta herenegun bukatu zen. Horrela, emakumeak “borrokan jarraitzeko” borondatea agertu badu ere, egoera horrek “muturreko” egoera batera eraman ditu ama eta semea.
Izan ere, aldi berean, prozedura judizial baten aurrean daude biak, tratu txarren biktima gisa. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Epaitegiak bere senarra auzipetu du duela gutxi, indarkeria matxistaren esparruan egindako zortzi delituren egilea izatea leporatuta.