Tabakaleran ikusi ahal izango dira Errege Magoak lehenengo aldiz urtarrilaren 5ean
Urtarrilaren 5ean Donostian izango dira Ekialdeko Errege Magoak. Aurten, Tabakalera bisitatzea eskatu dute, hiriko auzoetatik egiten duten desfilea hasi baino lehen. Hala, 10:30ean Andre Zigarrogilearen plazaren gaineko eraikinaren balkoi nagusira aterako dira, agurtzera hurbiltzen diren herritarrekin lehenengo harremana izateko.
Ondoren, plazara jaitsiko dira, eta bertan dauden pertsona guztiak agurtuz zeharkatuko dute. Errege bakoitzak hiru postariren laguntza izango du, gutunak jasotzeko. Jarraian, Donostiako auzoetara bisita hasiko dute kabriolet batean: Sagastieder Plaza, Harria Parkea, Martuteneko gasolindegia, Maria Zambrano Plaza, Anoeta, eta Jose Maria Sert Plaza. 14:00etan udaletxeko terrazara iritsiko dira, eta 15:30ean haurrei harrera egingo diete udaletxeko udalbatza aretoan. Bertan egongo dira 17:30ak arte. Ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira osoko bilkuren aretora, heldu batek lagunduta.
Udaletxeko terrazatik kanpo gelditzen diren pertsonak ezingo dira udalbatza aretora sartu, baina erregeen paje laguntzaileak gerturatuko dira beren gutunak eta agurrak jasotzera.
Ohiko desfileari 18:00etan emango zaio hasiera Ijentean, eta honako ibilbide hau egingo dute: Bulebar, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi, eta Bulebarra itzuliko dira azkenik. Urtero bezala, ibilbidean zehar gozokiak banatuko dituzte Errege Magoek, eta 4.000 kilo gozoki dituzte prest horretarako.
Desfilea amaitu bezain laster, Errege Magoek adineko pertsonen zentroak bisitatuko dituzte: Alai-Etxe, Matia Rezola eta Villa Sacramento.
Bost karroza
Aurtengo desfileak bost karroza izango ditu: Jaiotzaren karroza; Meltxor erregearen karroza, errenazimenduko jauregietako tronpetetan oinarrituta; Gaspar erregearen karroza, paradisuko hegaztietan inspiratuta; Baltasar erregearen karroza, itsas hondoko elementuez josia, eta, azkenik, buruhandien karroza. Halaber, ohiko paje taldeak izango dira, eta desfileari kolorea eta musika jarriko dioten animazio talde desberdinak. Horien artean, Donostiako buruhandiak ikusi ahal izango dira aurtengo desfilean, eta karrozan aterako dira beraiek ere. Orotara, 600 lagun inguruk hartuko dute parte desfilean.
Zeinu interpretea
Aurreko urteetan bezala, Errege Magoek zeinu interprete baten laguntza izango dute entzumen-urritasunak dituzten pertsonei euren nahiak helarazi eta beraiekin askatasunez komunikatzeko.