60 urtetik gorako pertsonen bila dabil BCBL ikerketa zentroa
Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroak 60 urtetik gorako boluntarioak behar ditu. Giza memoria episodikoak helduaroan izan duen bilakaera eta funtzionamendua hobeto ezagutzea eta ulertzea dute helburu.
Horretarako, 2023ko otsailean hasiko diren proben bidez, BCBLko ikertzaileek memoria episodikoaren alderdi kritikoak aztertuko dituzte, bai eta haien arteko elkarreragina eta eguneroko memoria praktikek informazioa gogoratzeko eta prozesatzeko gure gaitasunean izan dezaketen eragina ere.
Zehazki, parte-hartzaileek bi bisita egingo dituzte zentroko instalazioetara, eta prozesua bi zatitan banatuko da. Lehenengoan, hainbat ataza labur egingo dituzte ordenagailu baten aurrean, hala nola figurak aurkitu eta antzematea, hitz zuzenak bilatzea eta informazioa gogoratzea, horrela informazio mnemikoa prozesatzeko duten gaitasuna aztertuz.
Gainera, parte-hartzaile bakoitzari elkarrizketa bat egingo zaio, memorian, arretan, informazio-prozesamenduan eta ariketa fisikoan egiten dituzten eguneroko zeregin kognitiboak ezagutzeko.
Azterketaren bigarren zatian, neuroirudi probak egingo dira, eta horietan pantailan agertzen diren irudi bikoteei buruzko funtsezko alderdiak gogoratu beharko dira. Erresonantzia magnetikoaren bidez, parte hartzaileen garun jardueraren ikuspegi funtzionala bereganatuko da, eta, horri esker, adituek memoria prozesuetan inplikatutako eskualdeek nola jokatzen duten aztertu ahal izango dute. Horrez gain, materia grisaren alderdi garrantzitsuen eta eskualde horiek lotzen dituzten garun traktuen ikuspegi estrukturala ere lortuko da.
Ikerketak irauten duen bitartean, 60 urtetik gorako pertsona osasuntsuez gain, 18 eta 35 urte bitarteko pertsonek ere parte hartuko dute. Horiei esker, BCBLk oroimenak helduaroan izan duen bilakaera eta pertsonen eguneroko jarduerekin duen lotura behatu ahal izango du.
Parte hartzeko beharrezkoa da zentroarekin harremanetan jartzea, izen-abizenak eta telefono zenbakia adieraziz, memora@bcbl.eu posta elektronikoaren bidez, edo (+34) 663 69 45 04 telefonoan WhatsAppeko mezu bat utziz, eta zentroa jarriko da harremanetan partaideekin.
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da, eta Donostian du egoitza, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ditu bazkideen artean.