Antzoki Zaharrean estreinatuko dute 'Ez naiz inoiz Dublinen egon' antzezlana
Tentazioa ekoizpen etxeak Antzoki Zaharrean estreinatuko du Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlana. Urtarrilaren 6an eta 7an euskaraz eskainiko dute, eta urtarrilaren 8an, aldiz, gaztelaniaz.
Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bildu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londresetik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin. Denak daude desiratzen irlandarra ezagutzeko, baina inork ez du espero Cindy pertsonai ikusezin bat izatea, familia honen oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat.
Atetik sartzen den momentuan, pertsona bitxi hau onartu ala ez erabaki beharko dute. Gau zoro honetan zehar bakoitzak bere fantasia eta miseriak erakutsiko ditu, hemen ez baita inor libratzen. Eta elkar onartzeko zailtasunak izan arren, denak gauza berdinaren bila dabiltzala ikusiko dugu; bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila.
Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean arituko dira oholtzan Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte, Aitziber Garmendia eta Mireia Gabilondo bera. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai.