Aria izango da aurrerantzean Marina Landaren izen artistikoa
Marina Landa Gonzalez musikari donostiarrak albiste batekin abiatu du 2023. urtea: Aria izango da bere izen artistikoa hemendik aurrera. “Aria hitzak aire esan nahi du italieraz, eta niretzat musika sortzea eta jotzea bada biluztea, askatzea eta airean flotatzea bezalakoa”, azaldu du Landak berak sare sozialetan.
Bestalde, Iñaki Ortego eta Domenico Gargano izango ditu bidelagun, teklatuetan eta ekoizpenean, hurrenez hurren; Landak abestu eta gitarra jotzen du. “Elkarrekin nire abestiei beste doinu eta ukitu batzuk ematen ari gara eta espero dugu hilabete gutxi barru Ariaren lehen EP-a argitaratzea”, gehitu du donostiarrak. Euren lanak Instagramen argitaratzen joango dira.