Eneko Goiak dio 2023a Donostia hiri erakargarriagoa eta aberatsagoa izateko erronkez betea datorrela
Alkateak 2022aren balorazioa egin du gaur, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan.
Bukatu berri den urteari begiratu, eta hasi berri denaren erronkak zeintzuk diren adierazi du Donostiako alkate Eneko Goiak. 2022. urtea gaizki bukatu zela nabarmendu du, Lukas Agirreren hilketari erreferentzia eginez. Halere, iragan urteak gauza baikorrak ere izan dituela gaineratu du; batez ere, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren eraginak pixkanaka atzean gelditzen ari direla.
“Bukatu berri den urteak, besteak beste, Altzako kiroldegiaren tamainako proiektuen bukaera ekarri du. Donostiarroi eskaintzen zaizkigun hainbat zerbitzu eta azpiegitura hobetzea, eta hiriaren etorkizunerako ezinbestekoa izango den Loiolako Kuartelen lursailaren salerosketa egiteko Espainiako Defentsa Ministerioarekin lortutako akordioa”, azaldu du Goiak.
2023ari dagokionez, “ilusio handiko” erronkez beteta datorrela adierazi du alkateak: “Donostia hiri erakargarria, aberatsa eta hainbat arlotan erreferente izaten jarraitzen ahalbidetuko duten erronkak. Oso argi dugu lehentasuna dela pertsonetan oinarritutako Donostia diseinatzen jarraitzea, betiere, donostiar guztiekin elkarlanean”.
Hirigintza proiektuak
2022an hainbat hirigintza plan onartu direla nabarmendu du Goiak: “Horiei esker, 2023an besteak beste, Ibaetako Infernuaren eta Loiolako Lorategi Hiriaren eremuetan lanak hasiko dira. Horiek horrela, bi eremu horietan egingo diren birsorkuntzek, alde batetik, inguruko auzoen arteko lotura hobetuko dute, eta bestetik, babes publiko motaren bat izango duten etxebizitza berriak sortuko dituzte. Leku horietan donostiarrek hirian euren bizitza proiektua garatu ahal izango dute”.
Loiolako Kuartelen salerosketa egiteko akordioa iragarrita, 2023an salerosketa sinatuko dela esan du alkateak. Udalak hartuko du jabetza eta auzo berria diseinatzen hasiko da. Hori Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren berrikuspenaren bidetik egingo dela gaineratu du. “Horretarako, urtearen lehen seihilekoan Plan Orokorraren berrikuspena egiteko dokumentua onartuko da, eta bertan, Easoko trenbidearen eremua, Antzieta, Sarrueta eta Txominen jarraipena ere aztertuko dira”. 2024rako aurreikusten du udalak Martuteneko kartzela Zubietako Eskusaitzeta eremura lekualdatzeko. Orduan eraitsiko dute espetxea, eta Txominen hirigintza garapena bukatuko dute.
Aurten ere, Bretxa eremuan garatzen ari den proiektuak aurrera jarraituko du bukatu arte, eta han, betiko merkatuak protagonismoa hartuko du. “Era berean, Parte Zaharrerako eta Erdialderako osasun zentro berri eta modernoa egingo da”, adierazi du Goiak. Bestalde, ondorengo hirigintza proiektuak garatuko direla esan du: “San Bartolome muinoan kokatuta dagoen bigarren Talent House eraikina, hiriko sarrerak eta irteerak hobetzen lagunduko duen Marrutxipiko lotunea, familientzako hainbat arreta zerbitzu eta etxerik gabeko pertsonentzat eguneko zentroa hartuko dituen Villa Salia, hipodromoaren ondoan egiten hasi diren hockey zelaia eta Anoetako inguruko urbanizazio lanak. ETSk Anoetako geltokia hobetu eta bigarren sarrera egingo du”.
Horrekin batera, Anoeta estadioaren inguruko kirol instalazioak berritzeko erronka aipatu du Goiak. Horiek dira Mini estadioa, Gaska kiroldegia, Atano III.a pilotalekua eta Illunbeko kirol jardueretarako pabiloia. Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin akordioa lortu nahi du udalak azpiegitura horiek berritzeko.
Mugikortasun jasangarria
Mugikortasunaren arloan, 2023an udalak Isuri Txikiko Eremua sortu beharko du Europako Batasunak aginduta, 50.000 biztanle baino gehiago dituzten gainerako udalerrien antzera. Gainera, udalak eremu horren kudeaketa egiteko sistema teknologikoa ezarri beharko du, eta oinezkoentzako eremu berriak definitu beharko ditu. Goiak berretsi du, hiriak garraio publikoaren, bizikletaren eta oinezkoentzat izango diren eremu berriak sortzearen alde duen apustua.
Dbusek ibilgailu elektriko berriak erosiko ditu, Europatik jasotako diru laguntzez baliatuta. Eta horri esker, konpainiak bere flota handituko du, jasangarriagoa eginez, eta instalazioetan hainbat berritze lan egin beharko ditu ibilgailu berri horietara egokitzeko. Gainera, Dbizi zerbitzuak hirian zabaltzen jarraituko du, geltoki eta bizikleta berriekin; eta Udalak Taxiaren sektorearekin elkarlanean jarraituko du zerbitzua hobetzeko.
“Ekitaldien hiria eta hiri erreferente”
2023an Donostiak kirol, kultur eta gizarte ekitaldien erreferente izaten jarraituko duela nabarmendu du Goiak: “Agendaren parte garrantzitsua izango dira, eta gure nortasuna munduan zehar zabaltzen lagunduko dute”.
Horrenbestez, ohiko kirol ekitaldiak – Behobia-Donostia, Donostiako Klasikoa, DonostiCup, Kontxako bandera, lasterketa herrikoiak…– eta hiriari ospe handia ematen dioten kultur jaialdiak sustatzen jarraitzeaz gain – Jazzaldia, Quincena Musical, Zinemaldia, Literaktum, Dferia, Giza Eskubideen Zinemaldia…–, Donostiak nazioarte mailako bi kirol ekitaldi hartuko ditu: Frantziako Tourraren bigarren etaparen bukaera eta Frantziako errugbi ligako finalerdiak.
Horrez gain, hiria Gizarte Ekonomiaren hiriburu izango dela esan du Goiak. “Gizarte Ekonomiaren hiriburu izateak hiria sektore horretan lan egiten duten enpresa eta erakundeentzako erreferente gisa sendotuko du, eta babes handia suposatzen du Donostiak gizarte eta ekonomia arlotan izan dezakeen zereginean”.
Bukatzeko, alkateak esan du 2024an Eduardo Txillida eskultore donostiarraren jaiotzaren mendeurrena ospatuko dela. Horiek horrela, 2023a ospakizun hori behar bezala antolatzeko urtea izango dela esan du. “Horretarako, udala elkarlanean ari da eskultorearen familiarekin, kultur eragilerekin eta gainerako erakundeekin”, aurreratu du Goiak.