Hiru bisita gidatu egingo dituzte Artikutzan urtarrilean
Donostiako Udalak hiru bisita gidatu antolatu ditu Artikutzan urtarrilerako: urtarrilaren 8an egingo dute lehenengoa, urtarrilaren 15ean bigarrena eta urtarrilaren 22an azkena. Bisitaldi gidatua egin nahi izanez gero, erreserba egin behar da bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen, Donostiako Udalaren webgunearen bidez, artikutzanatura@donostia.eus helbide elektronikora idatziz edo telefonoz 679-61 30 16 zenbakira deituta.
Urtarrilaren 8an Enobieta ibaia ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Ibilbidea Artikutza auzoan hasiko da. Berehala, Enobieta ibaiaren ibilguan sartuko dira. Lehenengo kilometroak urtegi zaharrak hartzen zuen azaleratik egingo dituzte, eta eremu hori gainditu ondoren, igotzen hasiko dira, beti ere ibaiari jarraituz. Enobietako bordaren hondakinak gainditu ondoren, ibilbideko kotarik altuenera iritsiko dira. Basoan behera jaitsiko dira, eta haginez betetako eremu bat zeharkatuko dugu. Espezie hori oso urria da gure mendietan.
Urtarrilaren 15ean Mintegixar eta trenbide zaharra bisitatuko dituzte. Eskasetik hasita, 200 metro jaitsiko dira errepidetik, eta eskuinetik hasten den bidea hartuko dute. Mintegixar inguruan barneratuko dira, erreka ugarik zeharkatzen duten leku ilun batean. Eremu horretan ere hagin populazio handia dago. Bisitariek ikusiko dituzten ale batzuek 400 urte baino gehiago izan ditzakete. Ondoren, Mintegixarren pistak errepidera eramango ditu berriro. Hortik, meatze-trenbide zaharraren trazadura hartuko dute, berriro Eskasera bueltatzeko.
Azkenik, urtarrilaren 22an, Altueta eta Goizaringo burdinola ezagutzeko aukera izango dute mendizaleek. Ibilbide horretan, Artikutzaren mendebaldeko mugara hurbilduko dira. Bidean zehar, Artikutzan interes historikoa duten zenbait elementu ezagutzeko aukera izango dute: mairubaratzak, mugarri zaharrak, Goizaringo burdinola, eta abar. Artikutza auzotik abiatuko dira, eta Artikutza eta Elama ibaiak elkartzen diren puntuan aldapa gora hartuko dute Altuetara heltzeko. Goizaringo burdinolara jaitsiko dira, eta Elama ibaian behera Artikutzara itzuliko dira.