Opil solidarioa banatuko du Caritas Gipuzkoak, "gizarte bazterkeriaren inguruan kontzientziatzeko"
Caritas Gipuzkoak 1.500 elkartasun opil errazio banatuko ditu urtarrilaren 5ean Gipuzkoa Plazan. Opil Solidarioak izeneko egitasmoaren IV. urtea da aurtengoa, eta biltzen duten diru guztia erakunde horrentzat izango da, “haurren eta nerabeen programak eta proiektuak sustatzeko”. Gozoa (Gipuzkoako Artisau Gozogileak) elkarteko gozogileek prestatuko dituzte opilak, eta zati bakoitza bi euroren truke eskuratu ahal izango da, txokolatearekin batera, 10:00etatik aurrera.
Egitasmoa gaur aurkeztu dute Donostiako Caritas Gipuzkoaren egoitzan, eta bertan izan dira Kontxi Elexpe, Caritas Gipuzkoako administratzailea, eta Gozoa elkarteko Lorena Gomez eta Jose Mari Pikabea gozogileak. “Gizarte bazterkeriaren aurkako kontzientzia piztu eta sustatu nahi dugu egitasmo honekin, eta Caritas Gipuzkoa gizartean ikustaraztea ere bada gure helburua”, azaldu du Elexpek. Opilak hiru ezaugarri ditu bere aburuz: biribila da, hasiera eta amaierarik gabea, “urte osoan elkartasuna izatea nahi dugun bezalakoa, jarraia eta biribila”; opil zatitua eta partekatua da, “pertsona bakoitzaren aukerek eta baliabideek izan behar duten bezala”; eta frutaz eta fruituz beteta daude, “pertsona bakoitzak izan ditzakeen keinu txikien gisan”.
Easo kaleko Geltoki gozotegiko jabea da Pikabea, eta “oso pozik” agertu da elkarlan honekin. “Gu txikiak gara, eta Caritasekin egiten dugun elkarlan hau oso garrantzitsua da guretzat. Normalean, ez dugu aukera handirik izaten horrelako gauzetan parte hartzeko, baina Gozoa elkarteko kide bakoitzak bere hondar alea jartzen du Opil Solidarioak proiekturako, eta zerbait handia egitea lortzen dugu. Egia esan, oso pozik gaude eta uste dut beti jarraituko dugula elkarlan hau egiten”, nabarmendu du.
Gomezek gozogileen sektorearen inguruan hitz egin du, eta Caritas Gipuzkoaren lana goraipatu du. “Asko baloratu behar da Caritas Gipuzkoak horrelako egitasmoak antolatzeko egiten duen kudeaketa lana. Egia esan, guri ere antzeko zerbait gertatzen zaigu. Duela lau urte Gozoa elkartea sortu genuen benetan gaizki gaudelako, gainbeheran dagoen sektorea delako gozogileona. Gure artean elkartzea sekulako aurrerapausoa izan zen guretzat, baina elkartean gauden kide bakoitzaren solidaritatea ere kontuan izan behar da, irabazi asmorik gabeko elkartea garelako. Beti gaude prest etenik gabe lanean aritzeko, baina hori inork ez du ikusten. Opil solidarioak ere gauza handiak sortzen laguntzen du, baina atzean lan handia dago”, adierazi du.
5.300 pertsonari eman zion arreta iaz Caritas Gipuzkoak
Elexpek azaldu duenez, iazko datuen arabera, 5.300 lagun ingururi eskaini zion arreta Caritas Gipuzkoak. Bestalde, zuzenean haur eta gazteentzat zuzenduta dauden programetan (jangeletako laguntza, matrikula, eskolako materiala, eta beste) 135 familia lagundu zituzten (259 haur). Horrez gain, Bultzada izeneko haurrentzako eta familientzako programa berezian 1.213 umeri eman zieten laguntza iaz.