Sarek logo berria aurkeztu du Donostian, urruntze politikaren amaiera gertu dagoela irudikatzeko
Sarek logo berria aurkeztu du gaur goizean Miramonen, arlo desberdinetako hainbat eragilek lagunduta. “Irudia moldatu dugu. Ez dugu maparik behar, baina, geziek erakutsi diguten bideari jarraiki, Etxera Bidea Gertu mezua egia bihurtzen hasteko unea da. Irudi hau bazter orotara hel dadin nahi dugu, denok barnera dezagula, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurriei amaiera emanik”, azaldu dute.
Manifestua euskaraz Xabier Euzkitze aurkezleak irakurri du, eta gaztelaniaz, Iholdi Beristanek, Go!azen telesaileko aktoreak. “34 urte; 34 urte luze igaro dira urruntze-politika indarren jarri zutenetik. Denbora horretan sufrimendu psikologiko, emozional, ekonomiko eta fisiko ikaragarria eragin du. Askok ezagutu ditugu Puerto edo Curtise, Castello edo Fresnes. Sakabanaketa horrek astero ehunka kilometro egin behar izatera eraman gaitu, eta ondorio batzuk bereziki larriak eta itzulbiderik gabeak izan dira; nola ahantzi etenik gabeko joan-etorri horietan errepidean hil diren 16 pertsonak?”, nabarmendu dute.
Hala ere, egoera horrek euskal gizartearen “parte garrantzitsu baten erantzuna” eragin zuela adierazi dute. “Ideologiez harago, hainbat euskal herritar mobilizatu ziren presoen eskubideak ez ezik, haien familienak ere urratzen zituen urruntze-politikari amaiera eman ziezaioten eskatzeko. Horrek esan nahi zuenaren jakitun izanik, hainbat lagunek besoz beso lan egin dugu, sufrikario horren bukaera helburu”, azaldu dute. Era berean, 2023. urtearen hasieran urruntze-politikaren amaiera espero dutela adierazi dute.
Preso gehienak Euskal Herrian daude, baina salbuespen-politikak indarrean jarraitzen duela salatu dute. “Horregatik, trabarik gabeko bide bat aldarrikatzen dugu, gradu-aldaketak eta espetxe-baimenak salbuespenik gabe ezar ditzatela; legeak dioena bete dadila, ez diezaietela presoei legez dagokien eskubiderik ukatu edo murriztu”, defendatu dute.
Helburu horrekin elkartu dira gaur Donostian, euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten eragileekin batera. Askotariko eremu ideologiko eta profesionaletako pertsonak izan dira bertan, “egiazko bakea eta egiazko bizikidetza aldarrikatzeko”. Bertan izan dira Sareko eta Etxerateko hainbat kide, Axi Muniain surflaria, Lur Errekondo herri kirolari eta aurkezlea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria, Joxe Mari Agirretxe Porrotx, Mikel Aranburu futbolari ohia, Itziar Ituño aktorea, Amaia Izko abokatua eta Jon Maya dantzaria, beste askoren artean.
Aurkezpenarekin batera, larunbatean Bilbon egingo duten manifestaziorako gonbidapena luzatu dute.