Harrera egin diote Klub Nautikoko kayak surf taldeari udaletxean
Hainbat urrezko domina eskuratu zituzten iaz Budeko (Erresuma Batua) Munduko Txapelketan Donostiako Klub Nautikoko kayak surfeko piraguistek. Egindako lana aitortzeko harrera egin diete gaur udaletxean, eta bertan izan dira Klub Nautikoko hainbat piraguista eta Edu Etxeberria entrenatzailea, Eneko Goia alkatea eta udal talde desberdinetako ordezkariak.
Ekitaldiaren hasieran, Goiak Klub Nautikoko kirolarien lorpenak goraipatu ditu. “Hiri gisa, harro gaude Munduko Txapelketan lortu zenituzten garaipenengatik. Urte berezia izan zen iazkoa gainera, izan ere, Klub Nautikoak 125 urte bete zituen. Ohikoa da Donostiako udaletxean munduko txapeldunei harrera egitea, sekulako kirol maila dugulako zuen esfortzuari eta dedikazioari esker”, nabarmendu du. Jarraian, oroigarri bat eman die egindako lanaren aitorpen gisa, eta Olatz Garmendia eta Odei Etxeberria piraguistak izan dira taldearen izenean oroigarri hori jaso dutenak.
Etxeberria “eskertuta” agertu da aitorpenagatik, baina beraien eguneroko lana aurrera ateratzea “zaila” dela adierazi du. “Badakigu Donostian garrantzitsuak diren kirol asko daudela, eta agian gu ez garela zenbaki gehien ditugunak edo estadioak betetzen ditugunak. Guretzat ere zaila da lorpen hauek lortzea, eta egunero egiten dugu lan horretarako. Munduko Txapelketan emaitzak ematen ari zirenean tentsio handia bizi izan genuen, baina merezi izan du honaino iristeak”, aitortu du Etxeberriak.
Garmendiak azaldu du “sekulako zortea” dutela Donostian itsasoa bertan dutelako, entrenatu ahal izateko. “Gure kirola praktikatzeko beharrezkoa dugu itsasoa, eta Donostian eta inguruan bizitzea oso aukera ona da guretzat. Bestetik, nahiz eta gure kirola txikia izan, Munduko Txapelketan zazpi garaipen lortzea ez da lan erraza, eta ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait. Gure entrenatzaileak, Edu Etxeberriak, izugarrizko lana egiten du gurekin, eta nik txikitatik eredu izan dudan figura bat da”, adierazi du.
Azkenik, entrenatzaileak berak hartu du hitza. Etxeberriak esan du aitortzak “oso ondo” daudela, baina laguntza ekonomikoa jasotzea ere beharrezkoa dela kirolariek euren lana egiten jarraitu ahal izateko: “Klubak sakrifizio handia egiten du, izan ere, materialak, bidaiak eta beste ordaintzeko gastuak oso handiak dira. Ea udalari zerbait estiratzen diogun, hainbeste turista dugunez eta Donostia hain ondo doanez, ea zerbaitetan lagun gaitzakezuen”.
Harreraren ostean, familia argazkia atera dute guztiek elkarrekin.