"Munduko Txapelketan euskal selekzio gisa parte hartzea ohore bat izan zen"
Urrezko dominak eskuratu zituzten iaz kayak surfeko Munduko Txapelketan Olatz Garmendiak (Ibaeta, 1999) eta Odei Etxeberriak (Gros, 1997). Klub Nautikoko kirolariak dira biak, eta euren taldekideekin batera udaletxera joan dira gaur goizean, harrera egin baitiete bertan.
Non eta noiz hasi zineten kayak surfean entrenatzen?
Olatz Garmendia (O.G.): Ni 11 urterekin hasi nintzen. Nire ama piraguan aritzen zen, eta udako ikastaro bat egin nuen Tenis elkartean. Monitoreak talde batean sartzea proposatu zidan, urtean zehar entrenatzeko eta lehiatzeko. Beraz, Tenisetik Nautikora pasa nintzen 11 urterekin, eta, orain, 23 ditut eta bertan jarraitzen dut.
Odei Etxeberria (O.E.): Ni Donostiako Atletikon hasi nintzen. Lehenengo, eslalomeko kayaka egiten nuen, eta 2011n, 14 urterekin, erabaki nuen nik olatuak nahi nituela. Orduan, Nautikora pasa nintzen eta kayak surfean hasi nintzen.
Zer suposatzen du zuentzat kirol honek?
O.G.: Galdetzen didatenean, askotan erantzuten dut niretzat kayak surfa poza dela. Olatu bat hartzen dudanean oso gustura egoten naiz, adrenalina puntu bat ematen didalako. Batzuetan ondo ateratzen da, eta besteetan gaizki, baina gaizki ateratzen denean olatu gehiago hartzeko gogoa sartzen zait. Ondo ateratzen denean, berriz, oso gustura geratzen naiz.
O.E.: Niri hau galdetzen didatenean gogoratzen naiz nola joaten nintzen Edu Etxeberria entrenatzailea ikustera. Bera lehiatu zen lehenengo mundiala Costa Rican izan zen, eta ezin izan nuen joan; baina, hurrengoa hemen egin zen, Bakion, eta Portugaleko Santa Cruzeko mundiala ere ikusi nuen. Ordutik dakit nik ere hori egin nahi nuela. Eduk esan zidan lehenengo eslaloma egingo genuela, piraguan ondo ibiltzen ikasteko. Berari ilusioa egiten ziolako hasi nintzen horrela, baina nik olatuetan ibili nahi izan dut beti.
Nolakoa izan zen iaz Munduko Txapelketan parte hartzea?
O.G.: Munduko Txapelketan parte hartzea, eta euskal selekzio gisa gainera, ohore bat izan zen. Beste kirol askok ez dute aukerarik euskal selekzio moduan joateko, beraz, mundu mailan aritzea eta, gainera, euskal selekzioarekin, ohore bat izan zen. Kontziente gara sekulako zortea dugula, eta ni, pertsonalki, aurten indibidualki lortu dudan garaipenarekin oso gustura nago. Beste urteetan ez naiz iritsi garaipen hori lortzera; agian, hirugarren postuak lortu ditut, baina aurten piragua motzetan taldekako garaipena eta garaipen indibiduala izan dira.
O.E.: Nik 2013tik daramat mundialetan lehiatzen, eta kirol honetan neukan helburua kategoria honetan irabaztea zen. Beste kategorian irabazi egin nuen Perun, baina hau ere irabazteko ametsa nuen txikitatik. Ez da lehiaketa bakarrik, izan ere, hainbeste urte daramatzagunez honetan, lagunak egiten ditugu munduan zehar. Soilik bi urtetik behin ikusten ditugu, mundialak horrela ospatzen direlako, beraz, sekulako poza ematen du berriro ere jendearekin egoteak.
Zer iruditzen zaizue udaletxean egin dizueten aitortza?
O.G.: Gure lana baloratzen dela esan nahi du. Batzuetan argazkirako izaten da, eta soilik zorionak esateko. Baina baloratzen dugu behintzat errekonozimendu hori izatea; azken finean, egin dugun lan guztia nonbaiten islatu behar da, eta garaipenean islatu den bezala, jaso ditugun errekonozimenduetan ere islatzen da. Klubean, udaletxean, Bilbon eta Kirol Galan egin digute harrera.
O.E: Batez ere, gure izena beste kirol batzuetako maila altuko kirolarien ondoan ikusteko balio digu. Guk ere beraiek bezainbesteko lana edo gehiago egiten dugu honetara iristeko. Agian beraiek abantaila gehiago dituzte beraien denbora eta esfortzu guztia kirolean zentratu dezaketelako, eta guk ez dugu zorte hori, baina ahal dugun guztia egiten dugu. Beraz, harrera asko eskertzen dugu.
Zein erronka dituzue etorkizunerako kayak surfarekin lotuta?
O.G: Nik entrenatzen jarraituko dut, eta hurrengo mundialera begira jarriko naiz. Beste norgehiagokak ere bai, baina 2024eko maiatzean egingo den Argentinako Munduko Txapelketa da niretzat garrantzitsuena. Ea berriro ere titulu hau berretsi dezakedan.
O.E.: Nik une honetan ez daukat oso argi. Izan ere, dagoeneko irabazi dut nahi nuena, eta nire etorkizunean pentsatzen ari naiz pixka bat. Argi dut entrenatzen eta hobetzen jarraituko dudala, baina lehiaketa beste era batera hartuko dut, neurri batean obsesio bat izan delako orain arte. Orain lasaiago jarraituko dut lehiatzen, baina gogoa daukadanean, presiorik gabe.