Udal gobernuak hilaren 16an aurkeztuko du 2023ko udal aurrekontu proiektuaren zirriborroa
2023. urtea iritsi da eta Donostiak oraindik onartu gabe ditu aurtengo udal aurrekontuak. 2022ko udal aurrekontu proiektuaren zirriborroa 2021eko urria bukaeran aurkeztu zuen udal gobernuak. Aldiz, pasa berri den urtean ez dute 2023ko udal aurrekontu proiektuaren zirriborrorik aurkeztu. Hori urtarrilaren erdialdean egingo dutela adierazi zuen atzo Eneko Goia alkateak.
Hain zuzen ere, udal gobernuak urtarrilaren 16an egingo du 2023ko udal aurrekontu proiektuaren zirriborroaren aurkezpena. Aldiz, egun bat beranduago onartuko du Tokiko Gobernu Batzordeak. Ondoren, Ogasun batzordean aurkeztuko dute, eta ordutik aurrera zuzenketa aurkezteko epea irekiko da.
Prozesua atzeratzeko arrazoien berri ere eman zuen Goiak. Haren esanetan, garraio publikoaren deskontuek eragin zuzena izan dute zirriborroa zehazterako orduan. Hau da, erakunde bakoitzak egin beharreko ekarpena argitu gabe zegoelako. Azkenik, garraio publikoaren deskontuak bere horretan mantenduko dira. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak aurrekontuak onartu dituzte, eta bakoitzak egingo duen ekarpena zehaztu: Jaurlaritzak %10 eta estatuak %30. Donostiako Udalak, berriz, %10 jarri beharko du.