"Abesti berriak sortzeko eta jotzen jarraitzeko gogoz gaude"

Albiste ederra jaso du berriki Noa & The Hell Drinkers blues-rock talde donostiarrak: 2023ko European Blues Challenge txapelketan joko dute, Espainiako Estatua ordezkatzen. Horren harira, Noa Egiguren abeslari eta taldeko buruarekin, Manu Gestido baxu jotzailearekin eta Ibai Ros bateria jotzailearekin elkartu gara, Gross garagardotegian, euren entsegu lokalaren ondoan. Elkarrizketa osoa ostiralean, hilaren 6an, argitaratuko da paperezko edizioan zein webgune honetan, baina hemen daukazue aurrerapen txiki bat:
Espero zenuten European Blues Challengerako hautatuak izatea?
Noa Egiguren (N.E.): Hautaketa prozesura aurkeztu garen hirugarren urtea izan da, urteroko ilusio berarekin. Egia esan, ezusteko handia izan da guretzat. Beste herrialde batzuetan, lehiaketa bat egiten dute herrialdearen talde ordezkaria aukeratzeko, baina hemen hainbat blues adituk osatutako epaimahai batek hautatzen du ordezkaria.
Manu Gestido (M.G.): Talde asko zeuden prozesuan, musikari on asko, eta gu beste talde bat gehiago ginen horren barruan. Badakizu hautatua izan zaitezkeela, baina ezustekoa hartzen duzu, noski. Oso eskertuta gaude epaimahaiarekin. Izan ere, epaimahaikideekin jaialditan eta halako ekitaldietan kointziditzen joan gara, eta, dirudienez, gure emanaldiak gustatu zaizkie.
Gainera, epaimahaikideak blues aditu handiak dira. Arrazoiren batengatik hautatuko zintuzteten!
M.G.: Guretzat ikaragarria da. Izan ere, dagoeneko jotzen sei urte badaramatzagu ere, uste dugu oraindik berriak garela estatuko panoraman. Ez dakit hautatuak izatea gehien merezi zuen taldea ginen edo ez, baina bueno, hautatuak izan gara.
N.E.: Gainera, hautaketa prozesura aurkeztu ziren beste taldeak ere lagunak dira.
M.G.: Orain, hara joateko eta gure emanaldirik onena egiteko modua bilatu beharko dugu. Horrez gain, lokalean sartu behar gara orain, gure hurrengo lana konposatzeko eta grabatzeko. Izan ere, bukatu berri dugu gure azken lanaren [Craft Blues] aurkezpen bira. Dagoeneko ezin dugu disko hori gehiago luzatu! Gainera, kide berriak ditugu taldean, eta horrek biziberritu egin gaitu; beraiekin konposatzeko gogo handia dugu, zerbait berria eta freskoa ateratzeko.
Hurrengo diskoko zerbait aurreratu daiteke?
N.E.: Ideia batzuk baditugu grabatuta, baina oraindik azken ukitua falta zaie. Horrez gain, ideia berri asko daude etortzear. Ez daukagu hirugarren diskoa data jakin baterako ateratzeko presiorik, baina abesti berriak sortzeko eta jotzen jarraitzeko gogoz gaude, eta lokalean joango dira gauzak ateratzen.
M.G.: Hoberena beti etortzear dago!
‘Frontwoman’ dezente ikusten dira, baina ez horrenbeste emakume musikariak.
N.E.: Gero eta gehiago ikusten dira. Gizon baino emakume musikari gutxiago daude, argi dago, baina bluesaren munduan gehiago sartzen joan naizen heinean, emakume bateria eta baxu jotzaileak ezagutu ditut, besteak beste. Gitarristak ere badaude, adibidez, Laura Chavez, Nikki Hillen gitarrista. Bestalde, emakume musikari handiak ditugu bluesean, hemendik gertu: Miriam Aparicio pianista, Big Mama Montse abeslari eta gitarrista, Sweet Marta harmonika jotzailea eta Susan Santos gitarrista. Gainera, horietako askorekin jotzeko zortea izan dut urteotan. Orain arte egindako ibilbideak zerbait eman badit, emakume kide bikainak izan dira. Eta, beti gaude elkarrekin lan egiteko desiratzen. Ildo horretatik, hain zuzen, agian ezustekoren bat emango dugu laster.
M.G.: Noa beti ikusi dut emakume musikariak elkartzeko gogoz.
N.E.: Topiko bat bada ere, egia da elkarrekin indartsuagoak garela. Eta, beti da aberasgarria elkarrekin jotzea.