Arrakasta izan du errege opil solidarioak

Urteroko legez, Caritas elkarteko kideak Gipuzkoa plazan egon dira Errege egunaren bezperan, errege opil zati solidarioak saltzen, 2 euroren truk. 1.500 anoa zituzten saltzeko, eta beti gertatzen den moduan, ziztu bizian saldu dira, eguerdirako dagoeneko azken zatiak baino ez baitziren gelditzen (10:00etan hasi dira). “Arrakasta handia izan du aurten ere”, azaldu du opil zatiak saltzen ari zen kideetako batek.
Bildutako dirua “haurren eta nerabeen programak eta proiektuak sustatzeko” erabiliko dute, “gizarte bazterkeriaren inguruan kontzientziatzeko” helburuarekin. Gainera, errege opilaren bila joaterik izan ez dutenek edo gabe gelditu direnek, euren diru ekarpenak egin ditzakete Bizum bidez, 38029 zenbakian.