Gladys del Estal pasabidearen egoera aztertzen ari dira

Abenduan Gladys del Estal pasabidearen burdin zati batzuk Federico Garcia Lorca pasealekura erori ziren, eta erorketa zerk eragin zuen aztertzen ari dira hainbat teknikari egunotan. Pasealeku hori eta Kristinaenea parkea lotzen ditu pasabideak, eta teknikariak parkearen aldeko laginak hartzen aritu ziren asteazkenean, ondoren lagin horiek aztertzeko.
Langileak saski batzuetan zintzilik ari dira lan egiten, eta aurreikusten dute gaur bukatzea lanak, Federico Garcia Lorca pasealekuaren aldeko laginak hartuta. Lanen harira, sare batzuekin babestu dute pasabidea, zati gehiago erortzea saihesteko. Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, baliteke Donostiako hezetasuna eta itsasotik heltzen den gesala izatea pasabidearen zati batzuk erori izanaren arrazoi nagusiak.