Igandean bukatuko da Gabonetako Azoka

Etorri zen Olentzero, pasatu da Urtezahar gaua eta gaur datoz Errege Magoak, baina Gabonak Donostian ez dira guztiz bukatuko igandera arte (hilak 8), orduan itxiko baitute Frantzia pasealekuko eta Santa Katalina plazatxoko Gabonetako Azoka.
Askotariko postuak ditu azokak: txokolatea saltzen dutenak, belarritakoak, zeramikazko produktuak, egurrezkoak, arropa, eta abar. Gehien-gehienak irekita egongo dira igandera arte, eta astelehenean hasiko dira desmuntatzen.
Hala ere, Gabonak ez dira hiritik guztiz desagertuko otsailera arte, urtarrilaren bukaerara arte funtzionamenduan egongo baita Alderdi Ederreko noria.