Iritsi dira Errege Magoak Donostiara, ilusioa eta poza piztuz

Ekialde Hurbiletik bidaia luzea egin ostean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Donostian dira dagoeneko. Goizean Tabakaleran egin dute lehenengo agerraldia, ehunka haur eta guraso zain zituztela. Errege Magoak banan-banan atera dira Tabakaleratik, euren pajeek lagunduta, eta etxeko txikienak agurtu dituzte, hauek gustura euren izenak oihukatzen zituzten bitartean. Gaur gauean iritsiko dira Errege Magoak gure etxeetara, eta haurrek nahi dituzten opariak eskatzeko eskutitzak eman dizkiete ilusio handiz.
Jendea agurtu ostean, kabriolet dotore batera igo dira, eta Egiatik gainerako auzoetara abiatu dira, jende gehiago agurtzeko asmoz. Ez dira bakarrik joan, txaranga eta pajeak ere euren atzetik joan baitira, autobus turistikoan, kaleak musikaz betez. Sagastieder Plaza, Harria Parkea, Martuteneko gasolindegia, Maria Zambrano Plaza, Anoeta, eta Jose Maria Sert Plaza zeharkatu dituzte. 14:00etan udaletxeko terrazara iritsiko dira, eta 15:30ean haurrei harrera egingo diete udaletxeko udalbatza aretoan. Bertan egongo dira 17:30ak arte.
Desfilea, arratsaldean
Ohiko desfileari 18:00etan emango zaio hasiera Ijentean, eta honako ibilbide hau egingo dute: Bulebar, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi, eta Bulebarra itzuliko dira azkenik. Urtero bezala, ibilbidean zehar gozokiak banatuko dituzte Errege Magoek, eta 4.000 kilo gozoki dituzte prest horretarako.
Aurtengo desfileak bost karroza izango ditu: Jaiotzaren karroza; Meltxor erregearen karroza, errenazimenduko jauregietako tronpetetan oinarrituta; Gaspar erregearen karroza, paradisuko hegaztietan inspiratuta; Baltasar erregearen karroza, itsas hondoko elementuez josia, eta, azkenik, buruhandien karroza.

























