Erruduntzat jo dute Mikel Irastorza, baina ez du espetxera joan beharko
Parisko Zigor Auzitegiak frogatutzat eman du Intxaurrondoko Mikel Irastorza preso ohia ETAko “kide aktiboa” izan zela, nahiz eta ez duen zehaztu “zer gradutan” izan zen kide. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote Irastorzari, eta horietatik hamazazpi hilabete, gibelapenarekin. Bost urtean maila bereko deliturik egingo ez balu, ez ditu gainerako hamazazpi hilabete horiek kartzelan bete beharko. Epaimahaiak ez dio debekatu Frantziako Estatuko lurraldean bizitzea —Azkainen (Lapurdi) bizi da gaur egun—, eta ez du Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartzeko eskatu.
Azkainen bertan atxilotu zuten Irastorza, 2016an, Xabier Arinekin eta Denise Elizagoienekin batera. Arin eta Elizagoiene, aldiz, kontrolpean aske utzi zituzten, eta auzitik kanpo geratu dira. Espainiako Barne Ministerioak ETAko kidetzat aurkeztu zuen donostiarra, atxilotu zutenean. Irastorzari ETAren logistikan aritzea egotzi zion, baina 2017. urtean aske utzi zuten, eskumuturreko elektronikoarekin.
Atzoko epaiketan Irastorzak azaldu zuen ETArekin harremanean izan zela, baina ETAko kide izan zela ukatu egin zuen. Preso ohiaren arabera, 2010ean joan zen Ipar Euskal Herrira, eta Donibane Lohizunen bizimodu “diskretua” zuen. Datu hori baieztatu egiten du bere txostenean SDAT Polizia Judizialeko Terrorismoaren aurkako Zuzendariordetzak. Hala ere, 2012ko uda bukaeran ETArekin hitzordu bat izan zuela aitortu zuen Irastorzak. Okzitaniako Tolosan elkartu zen erakundeko kide batzuekin, eta mendira eraman zuten, begiak itxita. Egun bat baino gehiago egon zen han, ezagutzen ez zituen bi pertsonarekin.
Horren ostean, hilabete batzuk klandestinitatean eman zituela kontatu zuen, eta ondoren Euskal Herrira itzuli zela. Tarte horretan, “prestakuntza” jaso zuela adierazi zuen: “nola bizi klandestinitatean, prestakuntza informatikoa eta eztabaida politiko asko. Ez dut sekula prestakuntza militarrik jaso, ez dut sekula armarik eraman”, adierazi zuen.
ETAko kideek laguntzeko prest ote zegoen galdetu ziotela ere kontatu zuen Irastorzak. Baietz erantzun zuen, bere arabera, Euskal Herrian zegoen gatazkaren konponbide prozesuan engaiatzeko modua izan zela argudiatuta: “2011tik osoki sinetsi dut jarduera armatuaren bukaeran, baina baita lehenago ere”. Irastorzaren arabera, atxilotu baino egun batzuk lehenago jaso zuen bere eskuetan atzeman zuten material informatikoa. ETAk “gordetzeko eta ordenatzeko” eskatu ziola azaldu zuen. Gainean zeramatzan 3.700 euroak familiak emandako laguntza zirela defendatu zuen Irastorzak. Atxilotu zutenean, ez zeraman ez armarik ezta dokumentazio faltsurik ere.
Atzo, hilaren 5ean, Irastorzaren egoera salatzeko elkarretaratzea egin zuten haren auzoan, Intxaurrondon.
Berriak epaiketaren jarraipen xehea egin du, eta esteka honetan irakur dezakezue osorik.