"Ezjakintasunak gorrotoa sortzen du, eta horrek jendea akaba dezake"
Familiako pasarte bat oinarri hartuta idatzi du Cid Larreak ‘Behin batean Loiolan’ (Elkar, 2022) liburua. Antzerkigintza Berriak beka irabazi zuen lehenik, eta Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria gero, antzerkiaren kategorian, eta azken hori dela eta argitaratu du liburua. Lehengo arazo askok egun ere gurean dihardutela erakutsi nahi izan du, sexu heziketa falta, esaterako. Obra taularatzeko aukera izan nahiko luke, sariak emandako bultzada baliatuta.

Istorio pertsonal batetik abiatutako istorio bat da. Nolatan sortu zitzaizun ideia?
Bazkaloste batean amak gure familiako pasarte bat kontatu zidan, 1936an gertatutakoa, nire aitonaren arrebari gertatu zitzaion zerbait. Orduan, istorio hori banuen. Gero, Antzerkigintza Berriak bekara aurkeztu nuen, eta eman egin zidaten. Gertakizun hori nahiko indartsua zen, baina ez zen testu oso bat sortzeko adinakoa. Beraz, osotasun bat emateko zer egin pentsatzen hasi nintzen, eta nire burua sartu nuen bertan, eta une hartan neukan egoera txertatu nuen istorioan: beka bat eman zidatela, testu bat idatzi behar nuela, baina luzatu egin behar nuela. Eta horrela hasten da antzezlana, nire urduritasun eta ezjakintasun horrekin.
Hortaz, zerbait aurkeztu behar horrek paper garrantzitsu bat jokatu zuen idazketa prozesuan eta, ezinbestean, baita antzezlanean ere.
Bai, urduritasun hori hasiera-hasieratik nabari da. Iñigo da protagonistaren izena, eta berak esaten du oso ondo dagoela beka ematearena –antzezlanean beka nola ematen dioten ere azaltzen da–, baina gero idazten hasterakoan ez da erraza. Beraz, hor nahiko modu zuzenean sartzen da sortzaileok bizi dugun prekarietatea: antsietatea, beldurra… Momentu askotan gaizki pasatzen da.
Gainera, beka hau oso polita zen. Izan ere, hautatu zituzten zortzi artistok elkarrekin egiten genituen bilerak, bi tutorerekin batera. Hortaz, jada ez zen bakarrik idaztearena, baizik eta gero bederatzi pertsona horiei kontatu behar zenien, eta pertsona horiek zure testuari buruz hitz egin behar zuten, kritikatu eta hori landu. Horrek are beldur handiagoa ematen dizu.
Antzezlanean hiru garai ageri dira. Zergatik erabaki zenuen horrela egitea?
Iraganeko bi garai sortu nituen: 1936koa, benetako istorioa gertatu zen garaia; eta 1966koa, ikusteko 36ko pertsonaiek zer bilakaera zeukaten. Eta, azkenik, gaur egungoa izango litzateke, nire ama eta neure burua istorioan sartu nituelako. Azkenean, izan zen ikusteko lehengo arazoek nola eragiten diguten gaur egun, eta nola bidaiatzen duten arazo horiek gugana. Deitu arazoak, ezjakintasunak, matxismoak, homofobiak…
Beraz, hiru garai dira, denboran nahiko aparte daudenak, baina gauza batzuk oraindik komunean dauzkate, eta, hain zuzen, gauza horiek harilkatzen dute antzezlana.
Bai. Pertsonaia batzuk hiru garaietan kokatuak egongo lirateke, baina beste batzuk bere garaian geratzen dira. Kontua da egiten dituzten gauzek eta hitz egiten dituzten gauzek hiru garaietan dutela harremana. Matxismoan, adibidez, aurreko garaietako gauza asko oso arrotzak egiten zaizkigu, baina gaur egun ere, agian pixka bat ezkutuago-edo, baina egoten jarraitzen du. Gauza bera homofobiarekin. Feminismoak gaur egun eragina du gure eguneroko bizitzan, lehen ere bazegoen, baina askoz ere tapatuago, edo ez zegoen hain ondo ikusia. Baina antzezlanean oso modu zehatzean lantzen dena da sexu heziketa falta, lehengoa eta oraingoa.
Horretan ez dugu asko aurreratu, ezta?
Ez da derrigorrezkoa den gai bat. Askotan hautazko bat izaten da, eta gero horrela daude gauzak.
Argi zenuen lanketa horiek guztiak landu nahi zenituela?
Azkenean, istorio nagusian, benetan gertatutakoan zegoen arazo nagusia sexu heziketa falta nabarmen bat zen niretzat. Berez, gizon batek bere ezkontza baino lehen prostituta bat hartzen du, azken horrek sifilisa kutsatzen dio, eta gizon horrek bere emazteari pasatzen dio sifilisa hortik gutxira. Gertatzen dena da gizon horrek ez zekiela ezer sexuari buruz, lehen ez zelako ezeri buruz hitz egiten, eta askotan gizon heterosexualek ere bazutelako presio hori, eta ezjakintasun handi bat, ez zekitela zer gertatuko zen. Askok prostitutak erabiltzen zituzten praktikatzeko edo ikasteko.
Orduan, erru pixka bat kendu nahian, berak ere bere errua bazuen arren, niretzat garrantzitsuena da adieraztea nola ezjakintasun horrek eta sexu heziketa falta horrek azkenean pertsona bat akabatzen duen. Eta gaur egun ere hori gertatzen da, ezjakintasuna une oro: jendeak ez badaki zer den pertsona transexual bat, homosexual bat edo generoari buruz ez baldin badaki ezer, gorrotoa sortzen duzu, eta horrek ere jendea akaba dezake.
Zer moduz moldatu zara idazketa prozesuan?
Oso ondo. Lehen ere banituen idatziak lan batzuk, eta erraza egin zait. Idazteko erraztasuna daukat, kontzentratzen naizenean, baina beti jakinda norantz noan. Zailena da ideia izatea, eta, batez ere, bukaera izatea. Bukaera dudanean, oso erraz egiten dut idazketa prozesua. Jende askok idazten du nora doan jakin gabe, baina nik helmuga bat behar dut.
Antzerkia idaztea ez da eleberri bat idaztea bezala.
Beste formatu bat da, baina ni ohitua nago horretara, eta niretzako errazagoa da. Pertsonaiekin eta aktoreekin asko jokatu behar duzu: jakin behar duzu zenbat aktore izango dituzun. Idatz dezakezu eszena bakoitzean hogei aktore dauzkazula, baina gero pentsatu behar duzu horrek egingarria izan behar duela. Orduan, kontuan izan behar duzu zenbat aktore dauzkazun, zenbat pertsonaia dauzkazun eta aktore bakoitzak zenbat pertsonaia egin ditzakeen, eta, gainera, nola. Adibidez, adinaren arabera, antzezlanean pertsonai bakarra den arren, agian aktore berak ez du egingo haurrarena eta amonarena. Eta kontuz pertsonai bat eszenan baldin badago, dagoeneko aktore hori jada ezingo duzulako beste pertsonai batentzako erabili.
Baina polita da ariketa hori egitea idazten ari zaren momentuan, joko baten modukoa da. Hasieran askoz ere askeago idazten dut, eta, gero, aktoreak ditudanean, gauza batzuk moldatzen ditut. Eta, gero, euskaraz idatzia dagoenez, hemen dauzkagun aurrekontuekin antzerkia egiteko, jakin behar duzu noraino irits zaitezkeen. Orduan, zenbat eta sinpleagoa egin eta sinpleagoa idatzi, orduan eta errazagoa da egiten.
Obra hau taularatzea da orain zure asmoa, ezta?
Bai. Oraindik ez dakit nik egingo dudan, edo saiatuko naizen konpainia batek-edo egin dezan, obra bat egiteak aurrekontu handia eskatzen baitu, baina zaila da konpainia batek egin nahi izatea.
Norberak bere burua taula gainean ikustea ikustearena ez da eramaten erraza izango. Are gutxiago, beste aktore batek gorpuzten badu.
Bai, baina agian gustatuko litzaidake nire papera nik neuk egitea ere. Egia da zaila egingo zitzaidala soilik aktore izatea. Azkenean, zuzendariak zerbait proposatu dezake eta zu berarekin ados ez egon, baina, noski, momentuan aktorea zara eta isilik egon behar duzu. Hori dela eta, ez dakit aktore lanetan egon nahiko nukeen, edo zuzendari laguntzaile moduan… Baina hori ja aurrerago ikusi beharko litzateke.