"Publiko fidela dauka gure blues eszenak"
Noa Egiguren (Erdialdea, 1983) abeslariaren ametsa zen blues talde propio bat izatea, eta 2016an, ametsa errealitate bihurtu zuen, Noa & The Hell Drinkers taldea sortuz. Oholtzaz oholtza ibili dira ordutik, bi disko argitaratu dituzte momentuz eta euren lekua egin dute eszenan. Ekainean, Poloniara joango dira, albiste ederra jaso baitute berriki: 2023ko European Blues Challenge txapelketa handian Espainiako Estatua ordezkatuko dute. Horren harira, Egigurenekin, Manu Gestido baxu jotzailearekin (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1973) eta Ibai Ros bateria jotzailearekin (Bera, Nafarroa, 1997) elkartu gara Ibaetako Gross garagardotegian, euren entsegu lokalaren ondoan.

Espero zenuten European Blues Challengerako hautatuak izatea?
Noa Egiguren (N.E.): Hautaketa prozesura aurkeztu garen hirugarren urtea izan da, urteroko ilusio berarekin. Egia esan, ezusteko handia izan da guretzat. Beste herrialde batzuetan, lehiaketa bat egiten dute herrialdearen talde ordezkaria aukeratzeko, baina hemen hainbat blues adituk osatutako epaimahai batek hautatzen du ordezkaria.
Manu Gestido (M.G.): Talde asko zeuden prozesuan, musikari on asko, eta gu beste talde bat gehiago ginen horren barruan. Badakizu hautatua izan zaitezkeela, baina ezustekoa hartzen duzu, noski. Oso eskertuta gaude epaimahaiarekin. Izan ere, epaimahaikideekin jaialditan eta halako ekitaldietan kointziditzen joan gara, eta, dirudienez, gure emanaldiak gustatu zaizkie.
Ez da gauza makala txapelketa horretan egotea.
N.E.: Mundu guztia ari zaigu esaten erakusleiho bikain bat dela, nazioarteko jaialdietan jotzeko atea irekitzen duelako, eta hori ez da batere erraza.
Gainera, epaimahaikideak blues aditu handiak dira. Arrazoiren batengatik hautatuko zintuzteten!
M.G.: Guretzat ikaragarria da. Izan ere, dagoeneko jotzen sei urte badaramatzagu ere, uste dugu oraindik berriak garela estatuko panoraman. Ez dakit hautatuak izatea gehien merezi zuen taldea ginen edo ez, baina bueno, hautatuak izan gara.
N.E.: Gainera, hautaketa prozesura aurkeztu ziren beste taldeak ere lagunak dira.
M.G.: Orain, hara joateko eta gure emanaldirik onena egiteko modua bilatu beharko dugu. Horrez gain, lokalean sartu behar gara orain, gure hurrengo lana konposatzeko eta grabatzeko. Izan ere, bukatu berri dugu gure azken lanaren [Craft Blues] aurkezpen bira. Dagoeneko ezin dugu disko hori gehiago luzatu! Gainera, kide berriak ditugu taldean, eta horrek biziberritu egin gaitu; beraiekin konposatzeko gogo handia dugu, zerbait berria eta freskoa ateratzeko.
Zerbait berezia prestatuko duzue lehiaketarako?
M.G.: Zerbait berezia prestatuko dugu, ziur, baina oraindik pentsatu behar dugu. Errepertorioa sobran dugu, lehiaketan hogei minutu baino ez baititugu jotzeko. Orain, bira bukatuta, lokalera sartuko gara, eta buruan ditugun gauza berriak probatzen hasiko gara. Ondoren, erabakiko dugu zer set eramango dugun lehiaketara. Abesti onak ditugu, baina oraindik ez dakigu zer atera dezakegun hilabeteotan.
N.E.: Gainera, hilabeteotan lehiaketa, hurrengo diskoa eta tartean ditugun kontzertuak prestatuko ditugu paraleloan. Eta, nik uste dut hilabeteotan garatuko dugun abesti berriren bat ondo funtzionatzen hasiko dela zuzenean. Hala bada, baliteke lehiaketara eramatea erabakitzea.
Paul San Martin pianistarekin jotzen duzue sarritan. Berarekin joango zarete lehiaketara?
N.E.: Bai, arma guztiekin goaz! [barrez].
Nola eboluzionatu du taldeak 2016tik hona?
N.E.: Hasieran, ez genuen abesti propiorik, baina jotzeko eta grabatzeko gogo handia genuen, eta bluesaren hainbat abesti klasiko gure modura grabatu genituen lehenengo diskorako. Egia esan, ez genuen uste horren azkar piztuko zitzaigula konposatzeko gogoa, baina lehenengo diskoa atera bezain laster, abesti propioak ateratzen joan zitzaizkigun, eta gure abestiekin osatutako lehenengo diskoari forma ematen hasi ginen. Eta, uste dugu hori dela jarraitu behar dugun bidea.
M.G.: Horrela ere, gustatzen zaigu bertsioren bat sartzea beti, baina gure estilora jotzen dugu. Jatorrizko bertsioa entzuten dugu, eta horretan oinarrituta gure estilora egokitzen dugu. Hori da, baita ere, beste taldeetatik desberdintzen gaituena, talde asko jatorrizko bertsioa jotzera mugatzen baitira.
Zuen lehenengo kontzertu handia 2018an Dokan eman zenutena izan zen, taldearen lehenengo diskoa aurkezteko. Nola gogoratzen duzue emanaldia?
N.E.: Kontzertu gutxi generamatzan diskoa aurkeztu genuenean, sei bat hilabete eramango genituen zuzenean jotzen. Kontzertua askatzailea izan zela gogoratzen dut, bereziki. Oholtzara ateratzear ginen uneko argazki bat ikusi dut duela gutxi, eta gogoratzen naiz pozez zoratzen geundela. Izan ere, horren aurretik kontzertu batzuk eman genituen, baina egun horretan, azkenean, gure materiala aurkezten ari ginen, gure lehenengo diskoa.
2019aren bukaeran iritsi zen bigarren diskoa, eta zenbait aldaketa nabaritzen dira batetik bestera: lehenengoa blues-rock kutsu handikoa zen, baina bigarrena blues kutsu handiagokoa da.
N.E.: Bluesaren estilo gehiago ukitzen ditu bigarrenak, bai.
M.G.: Lehenengoa agian linealagoa zen. Ordea, bigarrenean adar gehiago jorratu ditugu.
N.E.: Lehenengo diskoan, blues abesti klasikoak zeuden gure rock ukituarekin. Aldiz, bigarrenean denetarik dago: calypso bat, shuffle bat, eta abar.
M.G.: Hala ere, ez genuen bereziki horretan pentsatu. Horrela atera zitzaizkigun abestiak, eta atera zitzaizkigun heinean garatu genituen lokalean. Material nahikoa genuenean, diskoa atera genuen.
Nolakoa izan zen bigarren diskoko sorkuntza prozesua?
M.G.: Orain arte, honela egin dugu lan: taldeko edozein kidek ideia bat ekartzen du lokalera, izan bere instrumentuarentzat edo beste batentzat, eta lokalean denon artean lantzen dugu ideia hori. Egitura osatzen goaz, Noak letra garatzen du, eta abestia prest dagoela uste dugunean, gorde egiten dugu eta hurrengoaren bila goaz.
N.E.: Abesti gehien-gehienak lokalean bertan garatu ditugu, bai. My friend Johnny abestiaren letra, adibidez, lokalean bertan atera zitzaidan, beraiek jotzen ari ziren bitartean. Aldiz, beste abesti batzuekin, hasierako ideia lokalean grabatu genuen, eta etxera eraman nuen grabaketa, letra etxean garatzeko.
‘Jazz cat’ abestia da desberdinenetako bat, jazz kutsu handiko abestia baita.
N.E.: Hori izan zen atera zitzaigun lehenengo abestia. Orduko gitarrista Sergio [Villar] eta biok geunden lokalean, eta abesti hori egiteko ideia atera zitzaigun. Egia da diskoko beste abestiak baino askoz klasikoagoa dela; gainontzekoetan, gehiago makarreatu genuen [barrez].
M.G.: Beti ateratzen zaigu rock kutsua, ezin dugu saihestu! Izugarri gustatzen zaigu blues mantso bat egitea ere, baina azkenean beti ateratzen zaizkigu doinu gogorragoak.
Orain elkarrekin zaudete Noa & The Hell Drinkers taldean, baina bakoitzak bere ibilbide propioa dauka, ezta?
Ibai Ros (I.R.): Ni mila taldetan ibili naiz: berbena talde batean, runba eta salsa talde batean, jazz banda batean, txarangetan, eta abar. Denetarik jotzea gustatzen zait, baina rock musika da gehien gustatzen zaidana, txikitatik. Bluesa orain ikasten ari naiz; ez daukat beste taldekideek duten horren bihotz blues zalea, baina ikasten ari naiz.
M.G.: Ni 90eko hamarkadatik nabil oholtzaz oholtza. Blues taldeei dagokienez, Casual Blues eta Lolas Club taldeetan jotzen nuen bere garaian, besteak beste. Les Fousen eta Sky Beatsekin ere jotzen nuen lehen. Sky Beatseko hiru kide Noarekin elkartu ginen, eta egungo taldea sortu genuen, paraleloan [Gestido, Sergio Villar gitarrista eta Gus Gonzalez ziren kide horiek, baina dagoeneko Villar eta Gonzalez ez daude taldean]. Noa aspalditik ezagutzen nuen, Les Fousen kointziditu genuelako eta aurretik ere elkar ezagutzen genuelako, jam session-etatik eta Donostiako gauaren eta rock-and-rollaren mundutik.
N.E.: Nik betidanik entzuten nuen bluesa, aita eta anaia blues zaleak direlako. Ordea, blues talde bat sortzea kostatu zitzaidan. Abeslari gisa aritu nintzen Orfeoi Txikian eta beste hainbat taldetan, baina beti bigarren planoan. Hala ere, nik banekien blues talde bat eduki behar nuela, jazza eta swinga ere asko gustatzen zaizkit, baina nire ametsa blues talde bat sortzea zen. Eta, hemen gaude!
M.G.: Beti hitz egiten genuen blues talde bat sortzeko ideiari buruz, eta nik beti esaten nion blues talde bat sortzen bazuen ni taldean egon behar nintzela.
N.E.: Le Bukowskin esan zidan hori, bai! [barrez]. Bat-batean, konturatzen zara sei urte baino gehiago pasatu direla ordutik, eta soilik ondo pasatzeko asmoarekin sortu genuen taldea izugarri hazi dela. Kontzertuak ematen joan gara, gauzak ateratzen joan dira eta helburu berriak ezarri ditugu; horren erakusgarri da European Blues Challengera joateko aukera.
Zeintzuk izan dira taldearen mugarriak?
N.E.: Hondarribiko blues jaialdia izan zen gure lehenengo erakustoki handia, baina oso garrantzitsua izan da, baita ere, Benicassimgo blues jaialdian parte hartzea, Cerdanyolakoan, Burlatakoan eta Bilbokoan, besteak beste. Eta, ez dut esaten agertoki handiak izan direlako, baizik eta gero jendea etorri zaigulako esatera oso ondo pasatu dutela gure kontzertuan, gure artean harreman ona daukagula nabaritzen dela, gurekin konektatu dutela, eta abar.
M.G.: Bilbokoa gure inoizko kontzerturik handiena izan zen. Areatza jendez gainezka ikustea, gozatzen… Izugarria izan zen.
Pandemia aipatu duzu, eta, hain zuzen ere, bigarren diskoaren aurkezpen kontzertuak hasi bezain laster, konfinamendua iritsi zen.
M.G.: Pandemian zehar, uste baino kontzertu gehiago eman genituen azkenean. Maskara jantzita eta ikusleak eserita jotzeko esperientzia izan genuen, eta arraroa izan zen.
Intxaurrondo Kultur Etxean emandako kontzertu bat gogoratzen dut, oraindik ikusleek maskara jantzita eraman behar zutenekoa. Arduradunek esan ziguten oholtzara igotzean maskara kendu genezakeela, baina nik erabaki nuen jantzita mantentzea, ikusleekiko elkartasunez, nolabait esatearren. Egoera arraroak bizi genituen.
Pandemia pasata, oraindik diskoz betetako kaxa ugari genituen, eta, egia esan, nahiko ondo saldu dira kontzertuetan.
N.E.: Harro sentiarazten zaitu kontzertu baten ondoren disko bat saltzeak, diskoa erosten duenak zuzenekoa benetan gustatu zaiolako erosten duelako.
Noa, zure ahotsean sarritan antzematen da Big Mama Thorntonen, Etta Jamesen eta halako blueswoman handien eragina. Erreferentetzat dituzu?
N.E.: Etxean blues klasiko eta gospel asko entzun izan dut betidanik, eta bai, tartean Big Mama Thornton eta Etta James. Baina abeslari modernoago batzuk ere asko entzuten ditut, adibidez, Beth Hart eta Samantha Fish. Blues klasikoko nire erreferente berak izan dituzten blueswoman-ak ezagutzen joan naiz.
M.G.: Niretzat, Europako bluesa izan da erreferente nagusia: Rory Gallagher, Cream, Dr. Feelgood, eta horrelakoak. Blues agresiboagoa da, zakarragoa, eta beti gustatu izan zait estilo hori. Hain zuzen, bakoitzaren estiloaren nahasketak ematen dio taldeari bere izaera.
I.R.: Nire kasuan, bluesaren munduan, asko entzun ditut Robben Ford eta B.B. King, baina ez dut inoiz erreferente argirik izan, denetarik entzuten joan naiz.
‘Frontwoman’ dezente ikusten dira, baina ez horrenbeste emakume musikariak.
N.E.: Gero eta gehiago ikusten dira. Gizon baino emakume musikari gutxiago daude, argi dago, baina bluesaren munduan gehiago sartzen joan naizen heinean, emakume bateria eta baxu jotzaileak ezagutu ditut, besteak beste. Gitarristak ere badaude, adibidez, Laura Chavez, Nikki Hillen gitarrista. Bestalde, emakume musikari handiak ditugu bluesean, hemendik gertu: Miriam Aparicio pianista, Big Mama Montse abeslari eta gitarrista, Sweet Marta harmonika jotzailea eta Susan Santos gitarrista. Gainera, horietako askorekin jotzeko zortea izan dut urteotan. Orain arte egindako ibilbideak zerbait eman badit, emakume kide bikainak izan dira. Eta, beti gaude elkarrekin lan egiteko desiatzen. Ildo horretatik, hain zuzen, agian ezustekoren bat emango dugu laster.
M.G.: Noa beti ikusi dut emakume musikariak elkartzeko gogoz.
N.E.: Topiko bat bada ere, egia da elkarrekin indartsuagoak garela. Eta, beti da aberasgarria elkarrekin jotzea.
Urteotan, zuen lekua egin duzue Donostiako eta Euskal Herriko eszenan, eta baita estatuko bluesaren munduan ere. Nola ikusten duzue eszena?
M.G.: Galdera zaila da. Orokorrean, nik uste dut jendea pasatu dela kontzertuak faltan botatzetik aspertuta egotera, nolabait. Ez dakit zer pasatu behar den beste egoera batera joateko, baina askotan ikusten ditut betetzen ez diren kontzertuak, eta nik uste dut horregatik dela, jendea aspertuta dagoelako.
Musikari kopuruari dagokionez, uste dut orain musikari gutxiago daudela, gazteentzat ez dagoelako modan instrumentu bat hartzea. Badaude musikari gazteak, baina belaunaldi aldaketarekin, uste dut pixka bat itzaltzen ari dela rockaren eta bluesaren panorama. Ez dakit oso diskurtso itxaropentsua den, baina horrela ikusten dut.
N.E.: Egia da, baita ere, Donostiaren moduko hiri txikietan ez daudela musika mota jakin bat soilik programatzen duten areto espezializatuak; Donostian, Altxerri da mota horretako areto bakarra.
Zer behar du Donostiak areto txikien musika eszena indartzeko?
M.G.: Aretoek kontzertuak antolatu ahal izatea ahalbidetu behar da. Askotan, gazteek taldeak sortzen dituzte, baina ez dakite non jo, agian ez dutelako areto jakin batean jotzeko nahikoa maila. Askotariko espazioak behar dira, bai jotzeko eta bai entseatzeko. Espaziorik gabe ezin delako eboluzionatu.
Gu puntu batera iritsi gara, non behintzat entseatzeko lokal propio bat ordaindu dezakegun, baliabide jakin batzuk ditugun eta agertoki jakin batzuetan jotzen uzten diguten. Ordea, talde hasiberrientzat zaila da kontzertuak ematea; gauza bat da udan jaialdi batean jotzea, baina ondo legoke urtean zehar ere jotzeko espazioak izatea. Era berean, publikoari ere eskatu behar zaio antolatzen diren kontzertuetara joatea, oso erraza delako esatea kontzertu gehiago antolatu behar direla. Ikuslerik gabe, zuzeneko musika hilda dago.
N.E.: Publikoak ere erregulartasun bat izan behar du.
Zuek musikatik bizi zarete?
M.G.: Talde bat baldin badaukazu eta ez badizu dirua suposatzen, ondo zabiltza; hori da esperientziak esaten didana. Eta, ilusioa itzaltzen ez bazaizu, arrakasta izaten ari zara. Azkenean, musikan, gozatzen saiatu behar zara, musikatik bizitzea oso zaila baita.
N.E.: Kontzertuetatik bizitzea oso-oso zaila da, eta, hain zuzen ere, ez dut ia inor ezagutzen soilik bere taldetik bizi dena. Batzuok musikaren mundutik kanpoko beste lanen bat daukagu, eta beste batzuek beste lan batzuk dituzte, musikaren barruan (musika irakasleak, ekitaldien antolatzaileak, eta abar). Baina, zure blues-rock taldetik bizitzea zaila da [barrez].
M.G.: Eta, guk zortea dugu, nahiko profesionalizatuta baikaude: alta emanda goaz kontzertu guztietara, ez dugu dirurik galtzen, inguruan ditugun langileak managerren enpresakoak, soinu teknikariak, eta abar eta hurrengo diskoa gure kabuz ekoizteko diru nahikoa lortu dugu. Horri gu ere soilik taldetik bizitzeko soldatak gehitu beharko bagenizkio, ezinezkoa izango litzateke.
Areto txikiei buruz hitz egin dugu lehen; halako agertokietan jotzea gustuko duzue?
N.E.: Izugarri gustatzen zaigu!
M.G.: Beste giro bat da, erabat desberdina. Gozamena da, jendea oso gertu daukazulako.
N.E.: Feedback handia dago publikoarekin: diskoak eskuz esku saltzen dituzu, argazkiak egiten dituzu ikusleekin, sare sozialetan argitaratzen dituzte, galderak egiten dizkizute, eta abar. Asko gustatzen zait kontzertuaren ondoren jendearekin hitz egitea.
M.G.: Gainera, askotan, beraiekin garagardoak hartzen bukatzen dugu, eta hori oso polita da.
N.E.: Donostian eta inguruan, hain zuzen, blues kontzertu batera joaten bazara, badakizu bakarrik joan zaitezkeela, jende ezaguna ikusiko duzulako; publiko fidela dauka gure blues eszenak.
Hurrengo diskoko zerbait aurreratu daiteke?
N.E.: Ideia batzuk baditugu grabatuta, baina oraindik azken ukitua falta zaie. Horrez gain, ideia berri asko daude etortzear. Ez daukagu hirugarren diskoa data jakin baterako ateratzeko presiorik, baina abesti berriak sortzeko eta jotzen jarraitzeko gogoz gaude, eta lokalean joango dira gauzak ateratzen.
M.G.: Hoberena beti etortzear dago!