Zer eskatzen diozu urte berriari?
Groseko Irrintzi euskaltegiko hainbat ikaslek urte berriari zer eskatzen dioten azaldu digute.

Olaia Martin (Egia)
“Aurten ikasketa guztiak gainditu nahi ditut, eta baita nire gustuko lan bat aurkitu ere”
Aurten ikasketa guztiak gainditu nahi ditut: masterra, oposaketak, eta euskarazko C1 agiria atera nahi dut. Horren ostean, nire gustuko lan bat aurkitzea gustatuko litzaidake.
Pontxo Eldua (Egia)
“Aurten euskara gero eta gehiago erabiltzea gustatuko litzaidake”
Aurten euskara gero eta gehiago erabiltzea gustatuko litzaidake. Gure hizkuntza da, eta beharrezkoa iruditzen zait euskararen erabilera sustatzea.
Patricia Sanchez (Gasteiz-Zarautz)
“Iaz ikasketengatik ezin izan nuen bidaiatu, beraz, aurtengo udan Asiara joatea gustatuko litzaidake”
Aurten bidaiatu egin nahiko nuke. Iaz ikasketengatik ezin izan nuen bidaiatu, beraz, aurtengo udan Asiara joatea gustatuko litzaidake. Ez ezer bereziagatik, baina beti ezagutu nahi izan dut Vietnam.
Felix de Miguel (Lizarra-Antigua)
“Aurten denbora onean bukatuko dut Donostiako maratoia”
Nire asmoa da Donostiako maratoia ondo prestatzea. Iaz ezin izan nuen bukatu, eta helmugara iristeko 1,33 kilometro falta zirenean erretiratu egin nintzen. Aurten denbora onean bukatuko dut, izan ere, astean lau aldiz entrenatzen dut normalean.
Margaux Villard (Frantzia-Parte Zaharra)
“Urte berrirako nire asmoa gustatzen zaidan lan bat aurkitzea da”
Urte berrirako nire asmoa gustatzen zaidan lan bat aurkitzea da. Oso pertsona urduria naiz, eta antsietate handia daukat. Beraz, askotan, aurkitzen dudan lehenengo lana hartzen dut, eta ez naiz ondo moldatzen. Orain oso egoera pribilegiatuan nago; iaz nire aitona hil zen, eta bere herentziarekin bizi naiz gaur egun. Beraz, denbora hartzen dut pentsatzeko etorkizunean zer egingo dudan.
Felix Soto (Bilbo-Ulia)
“Aurten kalean euskaraz hitz egin nahiko nuke; oso lotsatia naiz, eta kosta egiten zait”
Aurten kalean euskaraz hitz egin nahiko nuke; oso lotsatia naiz, eta kosta egiten zait kalean euskaraz aritzea. Gaur egun, etxean eta kalean ez dut euskaraz hitz egiten, nahiz eta nire inguruko guztiek euskaraz jakin. Ohituragatik egiten dugu gaztelaniaz.