Zientziari eskainitako 75 urte
Urtemuga garrantzitsua izan berri du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Donostiako Zorroaga pasealekuan du egoitza nagusia gaur egun, eta bertan egiten duten lanak zientzia, historia eta kultura-ondarea kontserbatzen laguntzen du. Liburu batean jaso dute bere historia.
Ingurumenaren, biodibertsitatearen eta historiaren zale batzuek 1945eko eta 1946ko udak Aralar mendian igarotzea erabaki zuten, euren kezka zientifikoak argitzeko asmoz. Horixe izan zen 75 urte bete berri dituen Aranzadi Zientzia Elkartearen sorreraren oinarria. Gaur egun, Europako ikerketa zientifikoaren elitean dagoen elkarteak, urtero kudeatzen ditu 200.000 hegaztien eraztuntze lanak bere eraztun-bulegoan; milaka gorpu lurpetik ateratzeko ehunka hobi desobiratzen ditu Euskal Herrian eta Espainiako estatuan, eta 150.000 urte baino gehiago dituen gure historiaren aztarnak berreskuratzen ditu, Altxerri eta Ekaingo kobazuloak, kasurako.
Ofizialki, 1947an sortu zen Aranzadi Zientzia Elkartea, eta Donostiako San Telmo Museoan izan zuen lehenengo egoitza. 1977an, Arbide Dorrera lekualdatu zuten egoitza, eta gaur egun, 1997tik, Zorroagan egiten dute lan. Elkarteak 2.000 bazkide ditu gaur egun, eta horietatik 150 inguru hainbat zientzia-diziplinatako ikertzaileak dira, erakunde horretan lan egiten dutenak. Arlo ugari lantzen dituzte bertan: arkeologia, etnografia, ornitologia, botanika, mikologia, astronomia eta antropologia, besteak beste.
75 urteko historia liburu batean
75. urteurrenaren harira, Javier Barajas kazetariak La Casa de las Ciencias izeneko liburua aurkeztu zuen abenduan. Hamahiru liburuki ditu, hamabi Aranzadin aztertzen den ikerketa-arlo bakoitzari eskainita, eta Aranzadiren historia orokorrari buruzko bat. Oso edizio grafikoa da, koloretako eta zuri-beltzeko 2.500 argazki biltzen dituena.
Liburua osatzeko, elkarteko bazkideei ia 100 elkarrizketa egin zizkien Barajasek, “Aranzadiko bizipenak xeheki azaltzeko”. Bi urteko ikerketa lanaren fruitua da liburu hau.