Aita Mari eta Arrantza Eskola omendu dituzte Donostiako kaian
Bi urteurren ospatu dituzte gaur Donostiako portuan: batetik, 111 urte bete dira Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak estatuko lehen Arrantza Eskola sortu zuenetik, eta bestetik, 157 urte pasa dira Jose Maria Zubia, Aita Mari, arrantzale eta marinela hil zenetik. Donostiako Aquariumak antolatu ditu omenaldiok, eta bertan izan da Eneko Goia alkatea, Aquariumeko lehendakari Jose Ignacio Espelekin eta Alejandro Larrode Aquariumeko Museo Saileko koordinatzailearekin batera. Lore sorta bat jarri dute Aita Mariren omenezko bustoan.
Gaur bete da Aita Mari, Zumaiako arrantzale familia xume batean jaiotako arrantzalea, hil zeneko urtemuga. Txikitatik arrantzan jardun zuen, baxurako arrantza patroi bilakatuz Donostiako portuan. Donostian eta euskal kostaldean famatu bihurtu zen bere patroi lanetan, inongo interesik gabe, ekaitzen ondorioz arriskuan zeuden arrantzaleei laguntzeagatik. “1866ko urtarrilaren 9an, ekaitz bortitz eta izugarri bat izan genuen, eta Zubia, bere txalupa harturik, Donostiako portutik abiatu zen, Donostiako Badiara sartu nahi zuen Getariako arratza ontzi bati laguntzeko asmoz. Bere txalupan beste ontzian galdutako gizonak erreskatatzea lortu zuenean, itsas kolpe batek eraman zuen, eta betirako desagertu zen”, azaldu du Aquariumak.
Aita Mariren heriotzak hunkimen handia sortarazi zuen Donostian eta gipuzkoako kostaldean, eta donostiarrek bere omenez busto bat ipini zuten portuan. Gaur, heriotzaren 154. urteurrena ospatzen da.
Arrantza Eskola
1912ko urtarrilaren 9an Arrantza Eskola inauguratu zen Donostiako kaian dagoen Itsastarren San Pedro elizako eskola-aretoan. Inauguraziora 15 eta 33 urte arteko 38 arrantzale bertaratu ziren, eta lehendabiziko ikasgaia jaso zuten, euskaraz eta gaztelaniaz, Matxitxako eta Capbreton arteko itsasargi eta portuko argiei buruz. Marrazkia eta kaligrafia, lurrunaren mekanika eta metereologia ziren ikasgai batzuk, eta gerora irakurtzeko, idazteko eta matematikako eragiketak jakiteko oinarrizkoak batu zitzaizkien, arrantzale askok ez baitzekiten. Eskolak hartzea doan zen.
Eraginkorragoa izateko, elkartea lau sailetan banatu zen, haietako bat Metereologia eta soziologia ozeanografikoa zela. Azken termino honek itsasotik bizi zen jendearen ikerketak zituen gogoan, eta haien bizi baldintzak, ekonomikoak ez ezik, sozialak, kulturalak eta moralak ere hobetzeko asmoz jarduten zuen. Apaizak izaten ziren, hurbilago egoten zirelako, hobekien ezagutzen zituztenak eta beraz emaitza hobeak lortzen zituztenak. On Jose Zendoia zumaiarra gailendu zen lan hartan. Kaiko parrokoa zenez, elizako aretoak eskolarako utzi zituen. Bera ere arrantzale familiakoa zen, beste marinel batzuen salbatzeko ahaleginean bizia galdu zuen Mari ospetsuaren iloba.
Aurten, Donostiako Aquariumak oroipenean hartu nahi luke Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak sortutako arrantza eskolak historian zehar patroi, tripulante eta familiei eskainitako laguntza ekonomikoa, ondoratutako itsasontziak zirela eta. Adibide gisa, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko Miguel Laburuk idatzitako pasartea jarri dute: “1912ko otsailaren 10ean Donostiako San Jose txalupa ekaitz bortitz baten ondorioz ondoratu egin zen kostaldetik 40 miletara. Bertako patroia zen Anselmo Carril eta tripulanteak Hondarribiko Goizeko Izarra txalupak eta Pasaiako Sagrada Familia txalupak berreskuratu zituzten. Ondoren, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak Madrilekin gestioak burutu zituen, laguntzera joan ziren txalupen tripulazio eta patroientzat laguntzak eskatzera, beraien bizitza arriskuan jarri baitzituzten. Petizioa egin ondoren, txalupen patroi izan ziren Tomas Inda eta Leon Iriazabal patroiei brontzezko medaila eman zitzaien eta tripulazioko kideei diruz (bost pezeta bakoitzari) ordaindu zitzaien”, azaldu dute.