Baratze komunitarioetako lurretatik amiantoa kentzen saiatuko da udala
Donostiako Udalak 344.000 euro inbertituko ditu Marruseko lursailetatik (Altza) amiantoa kendu eta baratze komunitarioak berreskuratzeko.
2017an, ireki eta bi urtera, itxi behar izan zuen udalak baratze komunitarioen eremua, sarrera nagusian eta inguruko lursailetan amianto foku bat detektatu ondoren. Egoerak baratze erabilerarekin bateraezinak bihurtu zituen lursailak, eta, beraz, 138 lursailetako baratze esparrua itxi egin behar izan zuen¡ udalak.
Baratzeei berriro ekiteko plana joan den abenduan onartu zen eta bi zatitan banatzen da. Alde batetik, kutsatutako eremua estaliko da, haren gainean berdegune bat sortzeko, udalak beste eremu batzuetan egin duen bezala, hala nola Larreseko ibarbidean, Altzako kiroldegiaren ondoan. Bestalde, mugatutako esparruaren gainerakoan amiantoak kaltetu ez dituen baratzeak berreskuratuko dira.
Proposamenak amiantoak kaltetutako lurrak berreskuratzeko eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren onespena du jada, eta udalak 343.811 euroko zenbateko ekonomikoa eskatu zion Girder Ingenieros enpresari. Kutsatutako eremuaren estaldura eta berdegune berri bat sortzeko aurrekontua 200.730 eurokoa da, eta badaezpada itxi ziren baratzeak instalatzeko, berriz, 143.081 eurokoa.