Donostia Sustapenak eta Elkargik zazpi proiektu finantzatu dituzte 2022an
Guztira zazpi eragiketa izan dira, 74.000 eurotik gorako batezbestekoarekin, Donostia Sustapenaren eta Elkargiren arteko hitzarmenaren balantzea 2022an. Finantzazio hau lortu duten proiektuek gailu medikuen, digitalizazioaren eta 4.0 industriaren arloan egiten dute lan nagusiki.
2016az geroztik, 24 eragiketa egin dituzte, guztira 1.641.000 euroko finantzazioarekin. Urte hartan, bi entitateek indarrak batu zituzten finantzazio bitartez inbertsioa, likidezia eta esku-dirua behar dituzten enpresen eta ekintzaileen proiektu berritzaileak finantzatzeko.
Marisol Garmendia Donostiako Garapen Ekonomikoko zinegotziaren ustez, “datu oso ona da, gure ekintzailetza ekosistemaren osasun ona islatzen duelako eta, are zehatzago, start up berritzaileena. Horregatik, 2023 urterako gure erronken artean dugu Elkargirekin harreman hau sendotzea, gure enpresek zein hemen finkatu nahi duten proiektu ekintzaileek behar dituzten proiektuei laguntzen jarraitzeko”.
Zentzu horretan, Naiara Lopez Elkargiko ekintzailetza arduradunak nabarmendu du “proiektu ekintzaileak, askok oinarri teknologikoa izanik, merkatuari zuzendutako negozio plan bat eta hainbat iturriren bitartezko finantzazioa behar dutela. Sustapenarekin lankidetza publiko-pribatua sendotzen ari gara, eta hori guztiz onuragarria da ekosistema ekintzailearentzat”.
Finantzazio hau Donostia Sustapenaren ebaluazioa gainditzen duten eta hazteko potentziala duten proiektu ekintzaileentzat da. Horretarako, hainbat baldintza tekniko bete behar dituzte eta, ondoren, Elkargira bideratuko dira. Haren balorazio profesionalaren ondoren, beharrezko finantzazioa jaso ahal izango dute.
Donostiako ekintzaileen profila 40 urte inguruan dago, batez beste, paritarioa da (%50 gizonak, %50 emakumeak), gehienbat soldatapekoa eta, nagusiki, goi mailako ikasketak ditu.
2022an finantzatutako proiektuak
Track Health Solutions SL: Tele-errehabilitazioko softwarea, adimen artifiziala baliatuta, erabiltzaileari ariketa terapeutikoak egiten laguntzen diona eta haren tratamenduaren eboluzioa monitorizatzen duena.
Eyefoil: Itsasontzietan hidrohegalak inplementatzeko ingeniaritza zerbitzua. Gainera, diseinu eta kontroleko sistemen software bat ere lizentziatzen du.
Donomotics: Eraikinetan, etxebizitzak, industrialak zein bulegoetan, proiektu domotiko eta inmotiko integroen diseinua, fabrikazioa eta instalazioa.
Indicate Solutions: Minbiziari lotutako klinikoki garrantzitsuak diren bioadierazleak detektatzeko gailuen ekoizpena, azido nukleikoetan oinarrituta formatu azkar, era- biltzeko modu erraz eta ekonomikoan.