'El ladrón de rostros' eleberria argitaratu du Ibon Martinek
Ibon Martin idazle donostiarrak (Gros, 1976) bere zortzigarren eleberria argitaratu du: El ladrón de rostros. Ane Cestero pertsonaia buru duen sagaren hirugarren atala da, La danza de los tulipanes (Plaza & Janes, 2019) eta La hora de las gaviotas (Plaza & Janes, 2021) liburuen ondoren; 2021ekoak urteko nobela hoberenaren Paco Camarasa saria jaso zuen.
Euskal Herriko barnealdeko paisaietan kokatu du istorioa oraingoan Martinek, eta Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztuko du bihar, hilaren 10ean, 19:00etan. Aurkezpenean idazlea bera eta Virginia Fernandez editorea egongo dira. Sandailin hasten da El ladrón de rostros-en istorioa, hildako emakume baten gorpua agertu den ermita txiki batean. Oteizak Arantzazuko basilikan irudikatutako eszenei erreferentzia egin die Groseko idazleak, besteak beste.
Hedabide honek elkarrizketa sakona egin zion Martini 2019an, bere lehenengo itzulpena egin zuenean: “Argi nuen lehen itzulpenak euskarazkoa izan behar zuela”, nabarmendu zuen. Bestalde, berriki, Aiora Jakak Tulipen dantza euskaratu du.