San Sebastian Egunaren 425 urteak kontatzen dituen liburua
San Sebastian egunak 425. urteurrena egiten du aurten. Danborradek ez, danborradena askoz beranduago abiatu zen. Hala kontatzen du 425 elkarteak gaur argitaratu duen liburuan, Eneko Goiaren hitzetan “zorroztasun historikoz eta modu atseginean” kontatuz.
Hainbat bitxikeria eta aurkikuntza daude liburuan. Adibidez, 1930ean txandakako alkateak (Jose Antonio Beguiristain) gaueko danborradak debekatu zituela eta antolatu zen zalaparta kontatzen du. Edo 1883an Donostiako egunkari batek (La Semana) Sarriegiren martxari letrak jartzeko lehiaketa bat deitzea.
Historialariak ez omen dira erabat ados jartzen, 425 Elkarteko arduradunek gaur adierazi dutenez, baina uste da Danborrada 1836 inguruan jaio zela, “modu espontaneoan”, eta hiria hainbeste urtez plaza militarra izateak herritarrengan izan zuen eraginagatik. “Dela guardia-aldaketa imitatzeagatik, dela laguntzeagatik” hasi zen desfile hau, eta 1847tik aurrera Sarriegiren obrei esker irabazi zuen ospea.
Hori baino askoz lehenago, danborrada sumatu ere egiten ez zenean, festarako funtsezko mugarri historikoak izan ziren. Esate baterako, 1596ko izurria. Epidemiaren ondorioz erabaki zen Donostia hiriko patroia izatea eta erromesaldia egingo zela Antiguako San Sebastian ermitara. Bezperan, baraua. Eta 1598an, lehen aldiz, urtarrilaren 20an ospatu zen ofizialki lehen.
Non lortu liburua
Liburua Udalak emango die danborradei opari gisa. Sei euro balio du (hau da, gastuak baino ez dira ordainduko) eta dagoeneko Tamayon, Aquariumean eta Gipuzkoako Argazkilari Elkartean eros daiteke. Alkatearekin batera Ibai Tamayo, Jose Luis Garcia Madinabeitia eta Juan Antonio Urbeltz izan dira aurkezpenean.
Donostiako Egunaren 425. urteurren horri, gainera, hainbat ekitaldi egingo dituzte, eta ekitaldi nagusia ostegun honetan izango da, 18:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bertan, elkarteak lau danborrada zaharrenak omenduko ditu: Unión Artesana (1871), Donosti Zarra Antiguako Gazteen Danborrada K.E. (1896), Euskal Billera (1906) eta Umore Ona (1908). Txistulariei eta Donostiako Orfeoiari ere bai. (Gonbidapenarekin baino ezin da joan, eta asteartean Argazki Elkartean eta asteazkenean Tamayo paper-dendan jaso daiteke).