Autobus geltokia Azoraren esku dago orain
Azora putre funtsak Donostiako autobus geltokiaren kudeaketaren %51 dauka bere esku, eta Helvetia enpresarena da beste %49a. Hala azaldu du Azorak berak, Bilboko geltokiaren kudeaketa Amenabarri erosi diola jakinarazteko kaleratutako oharrean. Donostiako zein Bilboko geltokien kudeaketak Azorak berak azpiegituren merkatuan sartzeko sortutako Infrabask II sozietatearen bidez erosi ditu; Helvetiaren kasuan, Aldebaran Riesgo enpresaren bidez eskuratu du bere zatia. Horrela, Donostiako eta Bilboko autobus geltokiak, biak hein handi batean diru publikoarekin eraikitakoak, enpresa pribatu batek kudeatuko ditu aurrerantzean: Azora putre funtsak. Donostiako autobus geltokia uztailean eskuratu zuten Azorak eta Helvetiak.
2016an inauguratu zuten Donostiako autobus geltokia, eta udalak Transitia, Murias eta Iza enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresen Elkarteari adjudikatu zion geltokiaren kudeaketa, 50 urterako. Ordea, kudeaketaren adjudikazioan hainbat sinadura aldaketa gertatu dira urteotan, eta 2021ean, udalak onartu egin zuen geltokiaren eta azpiko aparkalekuaren kudeaketa Muriasen enpresa bati adjudikatzea. Aldiz, beste aldaketa bat gertatu zen iazko udan, udalak onartu egin baitzuen kudeaketaren %100 Azorari eta Helvetiari saltzea.
Azorak bere oharrean dioenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetako autobus geltokiak erosteko “estrategiaren helburua da hirietako erdiguneko trafikoa arintzea, intermodalitatea sustatzea eta auto elektrikoak kargatzea erraztea”.
Azora ezaguna da hirian
Putre funtsa aski ezaguna da dagoeneko Donostian, baina orain arte etxebizitzaren sektorean zen ezaguna. Izan ere, Donostiako higiezin ugari daude bere esku, bereziki Grosen, eta gizarte eragile asko aspalditik salatzen ari dira etxebizitzaren eskubidearen “espekulatzen” ari dela. Besteak beste, hainbat maizterri ez die alokairu kontratua berritu, etxebizitza askoren alokairuaren prezioa igo du eta Kaleratzeak Stopek eta Azorako maizterrek azaroan bertan salatu zuten funtsak Groseko hainbat familia etxegabetu nahi zituela.
Hain zuzen ere, Azora izan zen iazko martxoan Iñaki Setien eta Rosa Maria Arratibel senar-emazteak euren Ategorrietako etxetik bota zituena. 2015ean Donostiako Udalbatzarrak Donostia “etxegabetzerik gabeko hiri” deklaratu zuenetik, hirian gertatutako lehenengo etxegabetzea izan zen, bere horretan.
Ezker Anitzak operazioa salatu du
Ezker Anitza-IU Donostia izan da geltokiaren kudeaketa eskualdatzeko operazioa kritikatzen lehena. Adierazi du Azora putre funtsa autobus geltokia kudeatzen duen enpresa bihurtu izana “EAJk defendatzen duen kudeaketa ereduaren ondorio zuzena dela. Lankidetza publiko-pribatua deitzen diote eredu horri, baina hori eufemismo hutsa da, zeren eta diru publikoa transferitzean datza sektore pribatuak negozioa egin dezan”.
Atotxako autobus geltokiak 32 milioi euroko kostua izan zuen; horietatik 16 milioi Donostiako Udalak ordaindu zituen, 5 milioi Gipuzkoako aldundiak eta gainerakoa kontratuaren esleipendun den ABEEak. “Hala ere, bost urteko epe laburrean, diru publikoko milioika euroko inbertsioa funts putre baten kudeaketapean geratzen da”, kritikatu du Ezker Anitza-IUk.
Salatu dute horretan datzala “EAJren eta PSEren lankidetza publiko-pribatuak”: “Terminala herritarren artean ordaindu ondoren, hirugarrenei eskaintzen diete negozioa egin dezaten. Herritarren interesen guztiz kontrako politika da. Horrek esan nahi du, donostiarren eta Gipuzkoako gainerako herrien beharretatik interesak oso urrun dituzten enpresa pribatuen eskutan gaudela”.