Dorreen ordez, aisialdirako eremu bat sortu nahi dute auzotarrek Loiolako Erriberan
Erriberak Martxan auzo elkartearen arabera, bizilagunek aisialdirako gune bat eraiki nahi dute Jaurlaritzak zazpi eta hamahiru solairuko dorreak eraiki nahi dituen lekuan. Atzo arratsaldean bilera bat egin zuten, eta 26 lagun izan ziren bertan. “Horietatik 22k aisialdi eremua eraikitzearen aldeko botoa eman zuen, eta lauk dorre horiek mantentzearen alde egin zuten”, azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri Eli Iparragirrek, Erriberak Martxan auzo elkarteko lehendakariak.
Horrela, argi geratu zen bileran izan ziren bizilagunen gehiengoak ez duela dorre horiek eraikitzea nahi, “eta gutxiago alde horretan, hor ezin baita etxebizitza duinik egin inorrentzat”. Horretarako beste lursail batzuk daudela uste dute, beste leku batzuetan.
Atzoko bileran “sentsibilitate ideologiko desberdinetako” pertsonak izan zirela nabarmendu du Iparragirrek, eta guztiek “auzo erakargarri” bat sortzea nahi dutela adierazi du. “Eta ez bakarrik gazteentzat. Azken finean, Loiolako Erriberan, gazteek auzotik joan behar izaten dute 11 edo 12 urterekin, hemen ez dutelako egitekorik. Haurrek parkeak eta aterpeak dituzte, eta agureentzat ere antolatzen dituzte gauzak auzoko beste elkarte batean. Baina gazteentzat ez dago ezer, beraz, jendeari bikain iruditzen zaio beraientzat jarduerak jartzea auzoan. Gainera, auzotarrez gain, inguruko auzoetakoek erabiltzeko moduko espazio bat ere sortu nahi dugu dorreak egin nahi dituzten toki horretan. Belardi txiki bat da, eta ez du zentzurik hori kentzeak, aparkalekua eta guzti kenduko lituzketelako”, adierazi du Iparragirrek.
Zentzu horretan, nabarmendu du eskubidea dutela “gure auzoan zer egingo den erabakitzeko”.
Erriberak Martxan auzo elkartea
Hasieran, Loiolako Erriberako bizilagunen auzo elkartea hasi zen mobilizazio honekin, baina lortu zutenean zazpi eta hamahiru pisuko dorreena adostea, “nahiz eta beraiek ere ez nahi izan”, alde batera utzi zuten gaia. “Ez zuten jarraitu nahi izan, beraz, bizilagun batzuk gelditu ginen eta Erriberak Martxan sortu genuen, auzoa elkartzeko asmoz. Sentsibilitate guztiak onartzen ditugu, inor baztertu gabe, gure proiektua aurrera ateratzeko”, azaldu du Iparragirrek.
Erriberak Martxan iazko udan sortu zuten, eta gaur egun hamabi pertsona daude elkartean. “Azken bolada honetan, ia astero egin dugu bileraren bat”, nabarmendu du.
Auzo elkarte ofiziala izaten saiatu dira, eta eskaera bidali zuten, baina atzera bota zieten burokrazia kontuengatik. Orain, idazkari berri bat lortu dute, eta elkartea sortzeko aurrerapausoak eman ditzaketela aurreikusten dute.
Datorren astean beste bilera bat egitea aurreikusten dute.