Eguzkik eta Haritzaldek diote Nekane Arzallusek ez duela bere hitza bete
2023. urtea hasi da eta Belartzako betelan ilegaleko harriak leku berean jarraitzen dutela salatu dute.
Pasa den abenduaren 30ean, Eguzkik ohar baten bidez adierazi zuen Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak iragarritakoa ez zela bete. Hau da, Arzallusek pasa den abenduan adierazi zuen harriak 2022. urtea bukatu aurretik hasiko zirela erretiratzen. Iragarpena mesfidantzarekin hartu zuten Belartza 2 Gelditu plataformak eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak.
Hedabide honek jakin ahal izan duenez, gaur goizean agertu da hondeamakina bat Belartza Goikoa eremuan. Horrela ere, oraindik ez dira hasi han dauden harriak kentzen. Valeriano Urrutikoetxea enpresak 2016an egin zuen isurketa ilegal hura. Horrela ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak 2019ko ekainean. Aipaturiko enpresa eta udala zigortu zituzten; bata betelana egiteagatik, eta bestea hori bera baimentzeagatik. Ordutik, hiru urte eta erdi pasa dira, baina harriek leku berean jarraitzen dute.
Lursailaren etorkizuna
Belartza Goikoa eremuan egin nahi dutenaren inguruko susmoak dituztela adierazi dute hainbatetan Haritzaldek eta Belartza 2 Gelditu plataformak. Udalak naturagune izaera duen lursaila industrial izatera pasa nahi duela diote, eta, gainera, erabilera komertziala emateko.
Are gehiago, udala eta Valeriano Urrutikoetxea enpresa bilerak egiten ari direla dio Haritzaldek, akordio batera iristeko. Lursailen arduradunak, aipaturiko enpresak, leku horretan hotel bat, gasolindegi bat eta logistika zentro handi bat eraiki nahi dituela jakinarazi dute.