Goiak dio Miguel Angel Diezen aurkako salaketa "aztertu" egin beharko dela
Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak salaketa jarri du Migel Angel Diez Bustos Donostiako Udaleko PSE-EEko Hiri Mantentze Lanetako zinegotziaren aurka, prebarikazioa leporatuta. Gaiaren inguruan galdetu dio hedabide honek Eneko Goia alkateari, eta salaketa “aztertu” beharko dutela adierazi du: “Auzo elkarteak publikoki adierazi duena irakurri dut, baina ez dut gaia sakontasunez ezagutzen. Izan ere, ez dut salaketa bera irakurri, eta ez dakit zer terminotan egiten den zehazki salaketa. Printzipioz, nik beti defendatzen dut hartzen diren erabakietan legearen arabera jokatzen dela, baina salaketa bat baldin badago, aztertu egin beharko da. Edonola ere, agian zinegotziak berak ere azalpenen bat eman dezake”.
Ordea, Diezek ez du adierazpenik egin. IRUTXULOKO HITZA Donostiako PSE-EErekin harremanetan jarri da Diezen adierazpenak jasotzeko, baina alderdiaren komunikazio sailak azaldu du ez dutela gaiari buruzko adierazpenik egingo.
Terrazen harira jarri dute salaketa
Indarrean dagoen Ostalaritzarako Jabari eta Erabilera Publikoko Lurzoruaren Okupazioak arautzen dituen Ordenantzaren 9.2 artikuluan, Donostiako Parte Zaharrerako baldintza espezifikoei buruzkoan, honako hau adierazten da: “Zamalanetarako aurreikusitako ordutegia amaitu arte, ezin izango dira terrazak jarri, Bulebarreko 18. eta 26. zenbakien artean kokatutako terrazetako bi ilara izan ezik”.
Bada, hain zuzen, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak “uda honetan behin eta berriz” salatu du, establezimenduetako batek, gutxienez, 09:00etatik aurrera jartzen duela terraza.
Bizilagunen haserrea “handia izan zen” udalaren erantzunean, “Miguel Angel Diez zinegotzi delegatuak berak 2022ko uztailaren 22an baimendu zuela jakiterakoan.” Auzo elkartearen arabera, udal ordenantza horren aurkako erabakia hartu zuen Diezek, eta, horrela, “legez indarrean ez dagoen arau berezi bat sortu”.
Gogoratu dutenez, prebarikazio delitua Zigor Kodearen 404. artikuluan dago araututa: “Bidegabekeria dela jakinda, administrazio auzi batean ebazpen arbitrarioa ematen duen agintari edo funtzionario publikoari enplegu edo kargu publikorako eta sufragio pasiboko eskubidea erabiltzeko desgaikuntza berezia ezarriko zaio, bederatzi urtetik hamabost artekoa.”