Hiru milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) banatzeko irizpideak onartu ditu Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, eta erabaki du 3.250.000 bideratzea laguntza horietara 2023an. Laguntzen izenak berak dioen moduan, gizarte larrialdi egoeran dauden herritarrentzako laguntzak dira horiek, egoera zaurgarrian daudenentzat; alegia, alokairua, janaria, energia eta horrelako gastuak ordaintzeko zailtasunak dituztenentzat. “Udaletik, Lan Partelatuaren Planean zehaztutako laguntzen bidez, baliabide propioak bideratzen jarraituko dugu, inor atzean ez uzteko”, nabarmendu du Eneko Goia alkateak. Gehitu duenez, laguntza horietara bideratutako diruaren “gehiena” Eusko Jaurlaritzak jartzen du.
Hala ere, alkateak azaldu du “diru partida ireki bat” dela, eta urtean zehar udalari iristen zaizkion laguntza eskaeren arabera aldatu daitekeela. Hain zuzen ere, gogorarazi du 2022an 2.693.000 euro inbertitzea aurreikusi zutela, baina azkenean 3.394.601 euro bideratu zituztela. Are gehiago, “urte bukaeran energiaren gastuaren igoeraren eragina arintzeko egin beharreko aparteko ekarpenaren ondoren aurreikusten da zenbatekoa 3.930.000 eurokoa izatea”, gaineratu du Goiak. 2022ko laguntzen diru kopuru zehatza urte horretako likidazio osoa egiten denean jakingo dute zehatzago. Bestalde, adierazi du iaz Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jasotzeko 3.236 eskaera erregistratu zirela hirian.
Irizpide batzuk aldatu dituzte
Laguntzak banatzeko irizpideak onartu dituzte, egungo egoerara egokitutako aldaketa batzuekin, eta etxebizitzaren alokairuari eta elikadurari dagozkien laguntzen arlokoak dira aldaketa nabarmenenak. Izan ere, etxebizitza osoa alokatzen dutenentzat, 2022an 900 euroko alokairu errentatik beherako etxebizitza bat alokatzen zutenek jaso zezaketen GLL bat, baina 1.000 euroetaraino igo dute aurten muga hori. Bestalde, soilik logela bat alokatzen dutenentzat, 450 eurokoa zen muga iaz, eta 500 eurokoa izango da aurten.
Elikaduraren inguruko diru laguntzei dagokienez, kide bakar batek osatutako Etxebizitza Unitateek (EU) gehienez 385 euroko laguntza jaso ahalko dute aurten (iaz, 229 eurokoa zen muga), bi kideko EU-ek gehienez 500 euro jaso ahal izango dituzte (iaz, 325 euroko muga zuten) eta hiru kideko unitateek, asko jota, 550 euro jasoko dituzte (iaz, 400 eurokoa zen muga).
Alkateak azaldu duenez, “2023rakoko irizpideak onartzeko, kontuan hartu da, besteak beste, laguntzen tramitazioan eta ordainketan izandako atzerapenak zaildu egiten dutela diru sarrerarik ez duten edo diru sarrera txikiak dituzten familiek alokairu errentak edo hipoteka kuotak ordaintzea. Eta errealitate honek arriskuan jartzen du pertsona horiek etxebizitza bat eskuratzeko duten aukera”.
Horrela, “berehala” hasiko dira izapidetzen hilero ordaintzen diren laguntzak, udalak “premiazkotzat” jotzen dituelako. Etxebizitzaren alokairua, energiaren gastuak eta halakoak ordaintzeko laguntzak dira hilero ordaintzen diren horiek, besteak beste.