Antiguako Miren Mendizabal euskaltzalea hil da
Mari Domingiren rola egin zuen lehen pertsona izan zen, eta Mintzalaguna egitasmoan parte hartu zuen hogei urtez.
1990eko hamarkadan, Antiguako Bagera elkarteko kideek Mari Domingiren pertsonaia sortu zuten. Umeen artean euskara sustatzea zuten helburu, eta Errege Magoen desfileak zuen arrakasta ikusita, zerbait egitea pentsatu zuten. Hura izen zen abiapuntua. Donostian sortu zen Mari Domingi, eta ondoren, pixkanaka Euskal Herrian zabaltzen hasi zen. Haren rola egingo zuen emakume bat behar zuten, eta Miren Mendizabali proposatu zioten. “Pozez” hartu zuen proposamena. Mari Domingirentzako jantzia sortu zuten, eta Mendizabal izan zen rol hura egin zuen lehen pertsona. Lehen urtean, 1993an, Antiguako Bentaberri plazan egon zen Miren Mendizabal, haurren gutunak jasotzen. Hurrengo urtean, gabon gauaren bezperan, desfile jendetsu bat antolatu zuten auzoko hainbat eragilerekin elkarlanean.
Mendizabal bospasei urtez atera zen desfilean, Antxon bere senarrarekin batera. Auzoko Olentzero eta Mari Domingi izan ziren Antxon hil zen arte. Garai hartako Bagerako kideek diote Mendizabalek urte haietako “oso oroitzapen polita” zuela.
Urtarrilaren 5ean hil zen, 88 urterekin. Hondarribikoa zen jaiotzez, baina ezkondu eta berehala Donostiara etorri zen bizitzera, Antiguara. Auzoko hainbat egitasmotan parte hartu zuen: parrokiako abesbatzan, auzoko euskara taldean, ikastolan… Euskaltzalea, baikorra, eta lagunartekoa zela nabarmendu dute Bagerako kideek.