Festa handi bat antolatu du Realak larunbaterako, derbiaren bueltan
Larunbatean (hilak 14), Realeko zein Athleticeko zale orok denboraldiaren hasieratik egutegian markatzen duen partidetako bat jokatuko da Anoetan: Realaren eta Athleticen arteko derbia (21:00etan). Euskal futbolaren festa handi bat izango da, baina horrez gain, kontzertuak, lehiaketa bat eta bestelako emanaldiak izango dituen festa bat prestatu du Realak egun horretarako.
Hain zuzen ere, egun osoko egitaraua prestatu dute, eta Anoeta estadioko iparraldeko zabalgunean egingo dituzte jarduerak; Madril etorbidearen aldeko zabalgunean, alegia. Eguerdian hasiko dira, El Conquistador del Caribe telebista saioko proba batekin. Hain zuzen ere, bertaratzen direnek zazpi metroko dorre bat eskalatu beharko dute.
Ondoren, 13:30ean, herri kirolen erakustaldia egingo dute, eta Go!azen saioko protagonisten emanaldia eskainiko dute bazkalostean, 16:00etan. Gaztea irratiko DJ-ek musika jarriko dute ondoren, 17:00etatik 18:00etara, eta pilota jaialdia hasiko da ondoren Atano III.a pilotalekuan (20:30era arte iraungo du). 17:00ak aldera, halaber, Keler espazioa irekiko dute, eta hiru gune izango ditu: Gastrogunea, Haur Guneaa eta LG Gaming Gunea.
Aldi berean, 18:00etan, Nogen talde donostiarrak kontzertua emango du estadioaren iparraldeko zabalgunean, eta 19:30ean Elektrobuiaka elektro txarangak eta Xabi Solanok hartuko diote lekukoa. Azkenik, derbiaren ondoren, 23:00etan, Bulego taldeak joko du.