Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoaren 'Ondare atariak' erakusketa ikusgai izango da Egian
Egiako Kultur Etxean inauguratuko dute bihar, osteguna, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzaren Ondare atariak: irisgarri eta inklusiboak? erakusketa. 2021ean ikusgai jarri zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien barruan. Erakusketak ikusmin handia sortu zuen, eta “harrera oso ona” izan zuen publikoaren artean. “Hori horrela, erakusketa berriro ere ikusgai jarriko da, oraingo honetan Egiako Kultura Etxean. Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da. Bestalde, urtarrilaren 25erako bisita gidatu bat antolatu da erakusketara”, jakinarazi dute.
Pandemia garaian inauguratu zen lehenengoz Ondare atariak: irisgarri eta inklusiboak? erakusketa Gipuzkoako EHAEOren egoitzan, Ondarearen Europako Jardunaldien programazioaren barruan. “Osasun-egoeraren murrizketek baldintzatu arren, ikusleen erantzuna bikaina izan zen eta berriro ere ikusgai jarri behar genuela argi genuen”, adierazi dute Gipuzkoako EHAEOren Ondarearen batzordeko kideek. Inaugurazio ekitaldian, besteak beste, Juana Otxoa-Errarte Gipuzkoako EHAEOren lehendakariak eta Juan Martín Gipuzkoako EHAEOren Ondarearen batzordeko zuzendariak parte hartuko dute.
Bestalde, urtarrilaren 25ean 11:00etan, erakusketara bisita gidatu bat egingo da, eta atari bakoitzaren azalpen xeheagoa emango dute Gipuzkoako Ondarearen batzordeko zenbait kidek. Bisitan parte hartzeko, aurretik izena eman behar da Egiako Kultur Etxean. Erakusketa hau otsailaren 28ra arte bisitatu ahal izango da honako ordutegian: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.