Jorge Ballesteros tiratzaile donostiarra hil da
Jorge Ballesteros Fernandez tiratzaile donostiarra (Donostia, 1983) zendu da, 39 urterekin, Madrilen. Espainiako Tiro Olinpikoko Federazioak astearte iluntzean baieztatu zuen Ballesterosen heriotza, baita deitoratu ere: “Federazioak bere atsekabea adierazten du tiratzaile handi baten eta pertsona bikain baten galera izugarriagatik”. Espainiako hedabide batzuek argitaratu duten informazioaren arabera Ballesteros bere armaren tiro batek larri zaurituta aurkitu zuten bere ibilgailuan (Espainiako Polizia Nazionalaren agentea ere bazen), eta Madrilgo La Paz ospitalean zendu zen ondoren.
Espainiako Tiro Olinpikoko Federazioak nabarmendu du Ballesteros estatuko historiako tiratzailerik onena zela, tiro ibilbideen modalitatean. Hain zuzen ere, modalitate horretako munduko txapelduna izan zen 2017an, Open kategorian. Horrez gain, hiru aldiz izan zen tiro ibilbideen Europako txapelduna, sei aldiz irabazi zuen Extreme Europe Open txapelketa eta hamazazpi aldiz Espainiakoa. Tiro ibilbideena pistola tiro olinpikoko modalitate bat da, non kirolariek hainbat diana dituen zirkuitu bat zeharkatu behar duten, eta mugimenduen azkartasuna jartzen den balioan, besteak beste.
Federazioak azaldu duenez, donostiarra duela hilabete eta erdi lehiatu zen azkenekoz, Pattayan (Thailandia) jokatutako munduko txapelketan. Hamabosgarren sailkatu zen, eta Christian Sailer 22 urteko estatubatuarrak hartu zion munduko txapeldunaren lekukoa.