Zientziarekiko maitasuna aldarrikatzeko pelikula zikloa
Zinema eta Zientzia zikloaren seigarren edizioak “zientziari maitasuna aldarrikatuko” dio ostegun honetatik aurrera eta martxoaren amaiera arte proiektatuko diren hamar filmen bitartez. Nazioartean ospea duen zientzialari batek hitz egingo du emanaldi bakoitzean
Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek esan duenez, edizio honetan “zinemaren maitasunaz eta zientziaren maitasunaz” hitz egingo da: “Ziklo honen seigarren edizioa da. Beraz, 200 proiekziotik gora dira guztira, betiere ehun bat zientzialarik aurkeztuak, bost hiritan. Sei urte hauetan hitzaldiak, eta eskolentzako saioak ere programatu dira, eta, nire ustez, edizio hau bukatzerakoan guztira 20.000 ikusletik gorako kopuruan egongo gara. Horretan guztian zinemaren eta zientziaren maitasun handia dago”, erantsi du.
Filmak
Zinema eta Zientzia zikloak Fire of Love (Sara Dosa, 2022) proiektatuko du, beren arteko eta sumendienganako maitasunaz elkarri lotutako bi bolkanologo frantsesen esperientziei buruzko dokumental bat. Zientziari eta bere familiari dion maitasuna da baita ere Madame Curie (Mervyn LeRoy, 1943) filmaren protagonista, zeinak Nobel saria bi aldiz irabazitako poloniar zientzialariaren ikerketa-urteetan sakontzen baitu. Drácula de Bram Stoker (Francis F. Coppola, 1992) filmak ezinezko maitasun baten bila denboran zehar dabilen banpiroaren mitoa erakusten du.
Egitarauaren osagarri dira El nombre de la rosa (Jean-Jacques Annaud, 1986) eta La herencia del viento (Stanley Kramer, 1960) bezalako klasikoak. Maitasun librea eskubide gisa da Tom Hanksek Philadelphia (Jonathan Demme, 1993) filmean defendatzen duena, eta koronel batek “estatubatuar gorputz fluidoei dien maitasuna” hondamen nuklear batean amaitzen da ¿Teléfono rojo? Volamos hacia Moscú (Stanley Kubrick, 1967) filmean.