Astiñeneko zubi zaharra botatzeko lanak hasi dituzte
Azaroaren 24an ireki zuten Loiola eta Egia lotzen dituen Astiñeneko zubi berria, eta orain hasi dira zubi zaharra botatzen. Zehazki, udalak azaldu duenez, astelehenean hasi ziren zubiko barandak, semaforoak eta halako elementuak kentzen, eta Egiatik gertuen dagoen aldea botatzen hasi dira orain. Alde hori bukatzean, Loiolatik gertuen aldea botatzen hasiko dira. Lanek hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten du udalak.
Astiñeneko zubi berriko lanak 2018an adjudikatu zituen udalak, 3,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 2020an irekitzea aurreikusten zuen orduan. 2019an hasi ziren lanekin, eta ordutik atzerapen ugari izan zituzten, pandemia tarteko. Azkenean, 2022ko azaroan ireki zuten, baina ingurua erabat urbanizatu gabe.
Gogoratu behar da, halaber, botatzen ari diren zubi zaharraren atzean Astiñene baserria dagoela, oso egoera kaskarrean. Hain zuzen ere, baserri horrek ematen die izena zubi zaharrari zein berriari. Ordea, ez dago baserriaren etorkizunaren inguruko berririk, eta ez dago argi bota egingo duten edo mantendu egingo duten. Iazko ekainean, udalak azaldu zuen baserriaren jabeak eremua txukuntzen hasiak zirela, Hirigintza sailak hala eskatuta.