Groseko Usandizaga kaleko eraikin batean etxebizitza turistikoak debekatu dituzte bizilagunek
Groseko Usandizaga kaleko 13. zenbakiko bizilagunak ados jarri dira, eta komunitateko estatutuak aldatu dituzte, euren blokean etxebizitza turistikoak jartzea debekatzeko. Zehazki, jarduera ekonomiko oro jartzea debekatu dute, legeak horren barruan sartzen baititu etxebizitza turistikoak.
Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatua abiatzekoa den kanpaina baten barruan kokatzen da erabakia, Saretxeko kide Jon Basterrak azaldu dutenez: “Bizilagunak bildu eta antolatu ahal dira, euren blokean jarduera ekonomikoak debekatzeko. Bere garaian, bizilagun bat kezka horrekin etorri zitzaigun, eta ikusi genuen auzoan aukera zegoela lanketa bat egiteko zentzu horretan”.
Horrela, Usandizaga kaleko 13. zenbakian egin duten gauza bera egiteko jarraitu beharreko pausoak jasoko dituen gida bat prestatzen ari dira Saretxekoak, eta datozen asteotan aurkeztuko dute, baita auzoan banatu ere.
Aipatu behar da Usandizaga kaleko 13. zenbakian badagoela etxebizitza turistiko bat, izan ere, Basterrak azaldu dutenez, estatutuen aldaketa ezin da atzeraeraginez aplikatu. Hau da, estatutuetan jarduera ekonomikoak debekatzeko aldaketa egin aurretik dauden etxebizitza turistikoei edo bestelako jarduera ekonomikoei ez zaie debekua aplikatzen. Ordea, Saretxekoaren arabera, etxebizitza hori jabez aldatzen bada, hurrengo jabeak ezingo luke bertan etxebizitza turistiko bat jarri, lizentzia bertan behera geldituko litzatekeelako.