San Telmo Museoko aldi baterako erakusketak ikusteko azken asteak
2023ko programazioko erakusketa berriak zabaldu baino lehen, oraindik aukera dago San Telmo Museoan ikusgai dauden aldi baterako hiru erakusketez gozatzeko. Erakusketa aretoetan dauden Indésirables.Bonbardaketatik esparrura. Erbesteratzearen ibilbideak, Womenare Beautiful. Garry Winogrand, urtarrilaren 29a arte izango dira zabalik, eta Laborategian kokatutako Alef, Kimia Kamvari artistarena, otsailaren 5a arte.
Indésirablesen kasuan, urtarrilaren 28ra arte eskainiko dira programatutako bisitak. Asteartero eta larunbatero erakusketako bisita gidatuetan parte hartzeko aukera dago. Webgunearen bitartez aurretiaz izena eman behar da.
Horretaz gain, erakusketa honekin lotutako jarduera ezberdinak ere burutuko dira museoan urtarrilean zehar, guztiak doako sarrerarekin. Lehenengoa bihar bertan izango da, urtarrilak 13. Miquel Bassols psikoanalistak hitzaldia eskainiko du, 19:00etan hasita, Exilio y retorno de la verdad desterrada. Jarduera hau streaming bitartez ere jarraitu ahal izango da museoaren YouTubeko kanalean.
Hilaren 26rako beste bi proposamen dituzte. 10:15ean, Josu Txuekak Gurs. Askatasuna txarrantxen artean hitzaldia eskainiko du, eta bisita gidatua egingo du. 19:00etan Amets Arzallus izango da hitzaldia eskainiko duena ekitaldi aretoan, Miñan, idatzi gabeko gogoetan izenpean. Miñan (Susa argitaletxea, 2019) liburuaren nondik norakoak aski ezagunak dira.Oraingo honetan, Amets Arzallus idazle eta bertsolariak, bere esperientziak abiapuntu hartu eta liburuan ageri ez diren gogoetak partekatuko ditu. Jarduera hau streaming bitartez ere zuzenean jarraitu ahal izango da museoaren YouTubeko kanalean.
Azkenik, urtarrilaren 28an, larunbata, museoan ohikoa den argazki-liburuen programazioko saioa erakusketarekin lotuta egongo da, Daniel Blaufuks egileak Terezín liburua aurkeztuko duelako. Terezín Blaufuksen liburu pertsonala da, The resienstadt edo Terezingo kontzentrazio-esparru naziaren historiari buruzkoa. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, eta euskarazko eta gaztelaniazko itzulpena izango du.