Zortzi danborradatan soilik gizonek joko dute danborra edo upela
Aurtengo San Sebastian eguna ere ez da guztiz parekidea izango. Izan ere, 158 danborradak desfilatuko dute Donostiako kaleetatik, eta denak ez dira mistoak: bitan ez dago emakume bakar bat ere, eta seitan emakume gutxi batzuk daude, baina ez dira danborra edo upela jotzen aterako.
Aizepe (Parte Zaharra) eta Ondar Gain (Erdialdea) konpainiak dira emakumerik onartzen ez dutenak: Aizepeko 154 partaideak gizonak dira, eta Ondar Gaineko 97ak ere bai. Bestalde, beste sei danborrada hauetan ez da emakumerik aterako danbor edo upel jotzaile gisa, eta aterako direnak bestelako roletan aterako dira: banderadun gisa, kantinera gisa, eta abar: Catedral Centenario (8 emakume eta 160 gizon), Gizartea (4 emakume eta 189 gizon), Club Cantabrico (24 emakume eta 151 gizon), Amigos Antonio Bar (15 emakume eta 176 gizon), Amigos del Europa (8 emakume eta 150 gizon) eta Zubi Gain (12 emakume eta 196 gizon). Zubi Gain Parte Zaharrekoa da, eta gainontzekoak Erdialdekoak.
2020an, normaltasunez ospatutako azken San Sebastian egunean, bederatzi ziren emakumeak baztertzen zituzten danborradak, orain baino bat gehiago. Hain zuzen ere, Ollagorra da aldatu dena, aurten sei danbor jotzaile eta hamabost upel jotzaile izango baititu. 169 partaide ditu guztira, 41 emakume eta 128 gizon; 41 emakumeetatik, aipatu moduan, 21 danbor edo upel jotzaileak izango dira, eta gainontzekoak kantinerak, banderadunak edo dena delakoak.
20.578 parte hartzaile
Guztira, 20.578 lagunek desfilatuko dute Donostiako kaleetatik aurten, eta, horietatik, 9.196 emakumeak izango dira (%44,69) eta 11.382 gizonak (%55,31). Bestalde, Emakumeen Etxeko danborrada soilik emakumez osatuta dago; 100 emakumez, zehazki. Era berean, Peña Anastasiok emakumeen konpainia propioa ere badu, hain justu, aurten 25 urte bete dituena (1998an sortu zen).
Erdialdea, danborrada gehien dituena
Auzoz auzoko datuei dagokienez, Erdialdea da danborrada gehien dituen auzoa: 32. Guztira, 4.777 lagunek desfilatuko dute Erdialdetik; 1.876 emakumek eta 2.901 gizonek.
Gainontzeko auzoei dagokienez, hauek dira bakoitzeko danborrada eta parte hartzaile kopuruak, Donostiako Festak erakundearen banaketaren eta datuen arabera: Altza-Bidebieta-Intxaurrondo eremuan hemeretzi danborrada eta 1.690 parte hartzaile (870 emakume eta 820 gizon) aterako dira, Amara-Morlans-Loiolako Erribera eremuan 22 danborrada eta 2.668 parte hartzaile (1.366 emakume eta 1.302 gizon) aterako dira, Antiguan 27 danborrada eta 3.499 partaide (1.841 emakume eta 1.658 gizon) aterako dira, Egia-Loiola-Martutene eremuan hamar danborrada eta 1.142 partaide (520 emakume eta 622 gizon) aterako dira, Grosen 25 danborrada eta 3.264 parte hartzaile (1.492 emakume eta 1.772 gizon) aterako dira eta Parte Zaharrean 23 danborrada eta 3.538 partaide (1.231 emakume eta 2.307 gizon) aterako dira.