Donostialdea Bizikletan nagusi Gipuzkoako txapelketan
Gipuzkoako pistako txirrindularitza txapelketa egin zuten ostiralean Donostiako Belodromoan, eta Donostialdea Bizikletan taldeko txirrindulariak izan ziren nagusi.
Hain zuzen ere, junior mailako hiru modalitateetan garaipena Donostialdea Bizikletanekoena izan zen: taldekako jazarpen proban, taldekako abiadura proban eta madison proban.
Beñat Ilzarbek eta Tasio Senperenak hiru probetan hartu zuten parte. Jazarpenean Markel Otegirekin eta Aimar Alarciarekin (4:49.16-ko denbora egin zuten) eta abiaduran Otegirekin (1:00.41). Madison proban, Ilzarbe-Senperena bikoteak zortzi esprintak irabazi zituen eta 45 puntu batu, proba irabaziz.
Kadeteak ere fin
Donostialdea Bizikletaneko kadeteek ere emaitza onak lortu zituzten belodromoan, garaile izan baitziren jazarpen eta abiadura probetan.
Aimar Capdequi, Beñat Igarategi, Unai Iturrate eta Unax Otegi aritu ziren jazarpen proban, eta 3:49.09-ko denborarekin irabazi zuten. Abiaduran, aldiz, Capdequi eta Igarategi Oier Galardirekin aritu ziren, eta 1:02.32-ko denborarekin irabazi zuten proba. Madison proban, ordea, ezin izan zuten garaipena lortu, eta Fernandez de Gorostiza-Munduate bikoteak irabazi zuen.