Goiak "hiri irekia, bizia eta erakarpen ekonomikorako gaitasuna duena" aldarrikatu du
Alderdi politikoak hasi dira maiatzeko udal hauteskundeetara begira jartzen, eta PSE-EEren Marisol Garmendia hautagaiak aste honetan egin duen moduan, Eneko Goia alkate eta EAJren hautagaiak ekitaldi politikoa egin du gaur, hilaren 14an, Talent House gunean. Zehazki, alkateak Donostiako Manifestua aurkeztu du.
Donostiako unibertsitateek eta enpresek talentua eta goi mailako ikertzaileak lortzea errazteko asmoarekin sortutako proiektua da Talent House, eta, hain zuzen ere, zientzia eta ikerketa jarri ditu erdigunean alkateak, manifestuaren aurkezpenaren barruan: “Donostia dagoeneko zientziaren eta ezagutzaren hiria da. Lortu behar dugu zientzia eta ezagutza hirian txertatzea, partekatzea, modu horretan gizarte heziago eta kritikoago bat lortuko dugulako”.
Azaldu duenez, Donostiak ikerketa, berrikuntza eta industria aurreratuko jardueretan aritzen diren pertsona, erakunde, enpresa eta agenteen “sare trinkoa” du, eta alor horretan egiten den inbertsioa “Gipuzkoako, EAEko eta Espainiako Estatuko batez bestekoa baino handiagoa da, %3 ingurukoa, eta Europako onenetara hurbiltzen da”. Horregatik, adierazi du Donostiako Udalak prozesu bat bultzatuko duela beste eragile publiko, akademiko eta pribatu batzuekin batera, Donostia munduko hiri nagusien artean kokatutako hiria bihurtzeko, I+G+B-ri dagokionez.
“Ondo egingo dugu, presarik gabe, baliabideak bideratuz, urte batzuen buruan Donostia onenen mailan egon dadin, Europan zein mundu mailan”, gaineratu du Goiak.
Hauteskunde programarako ideiak
Zientziaz eta ikerketaz hitz egiteaz gain, alkateak hauteskunde programara begira dituen ideiak eta jarduera ildo nagusiak azaldu ditu: “Donostia positiboa aurkeztu nahi dugu, baikorra, eta alde negatiboa eta ezkorra azpimarratu nahi dutenen aurrean, gure ahaleginak hobetzera eta eraikitzera bideratuko ditugu, Donostiak aurrera egiten jarrai dezan”.
“Beste eredu bat aldarrikatzen dutenen aurrean, nik hiri irekiaren, biziaren, erakarpen ekonomikorako gaitasunaren eredu bat aldarrikatzen dut, Euskadiko hiriburuetako langabezia daturik onenak eta estatuko hiriburuetako errenta daturik onenak aurkeztuko dituena”, gehitu du. San Sebastian eguneko martxari erreferentzia eginez, “Donostia martxan” dagoela esan du, eta hori herritarrei esker dela gaineratu du: “Eurek baitira, eguneroko lanarekin, egunero pertsiana altxatzen dutenak, hiria funtzionatzen jartzen dutenak eta egunetik egunera apur bat hobea egiten dutenak”.
Goiak bi legegintzaldi daramatza alkate lanetan, eta bere aburuz, denbora horretan hiriak “abiadura hartu du, aurreko garaiko paralisiaren ondoren”. “Egun, oinarri sendoak ditugu ingurumen, demografia eta teknologi erronkei aurre egiteko”, gehitu du. Esan duenez, erabakiak hartu behar dira, “datozen hamar urteotan nahi dugun hiria irudikatzeko”.
“Metropoli klabean” ere hitz egin du alkateak, eta topoaren ibilbidearen luzatzea nabarmendu du: “Etorkizuneko garraioa izango da, eta metropoli osoari zerbitzua emango dio”. Horrez gain, “auzoak batzea eta hobeto kohesionatzea” jarri du erronka gisa, “desberdintasunak murrizteko”.
Ekitaldia bukatzeko, azaldu du “milaka eta milaka donostiar ordezkatuta egongo diren mugimendu handi bat” bideratu nahi duela: “Ez dugu eztabaidetan entretenitu nahi. Gure hiria maite duen eta egunez egun hobetzen saiatzen den jendeak osatuko duen herri mugimendua nahi dugu”.