Txillardegi omendu dute, bere heriotzaren XI. urteurrenean
Gaur, hilaren 14an, hamaika urte bete dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle, linguista eta politikari donostiarra zendu zenetik (Antigua, 1929-2012), eta, ohiko legez, haren omenezko ekitaldia egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak antolatu du ekitaldia, eta herritar ugari bertaratu dira, baita Txillardegiren hainbat senide ere.
Herri ekimeneko kide batek hartu du hitza hasieran, eta deitoratu du Donostiako Udal Liburutegiak oraindik Txillardegiren izena ez izatea: “Iaz, X. urteurreneko ekitaldian, uste genuen ez zela beharrezkoa izango gaur hemen egotea gure aldarrikapenarekin, baina hemen gaude. Udaleko alderdi guztiekin hitz egin dugu, baina liburutegiak oraindik ez du Txillardegiren izena”.
Txilar landare jarri dituzte plazan, eta Mikel Herrero Sesmaren horma irudian lore eskaintza egin dute eta aurreskua eskaini diote Sua Enparantza dantzariak eta Janitz Enparantza txistulariak. Ekitaldiaren bigarren zatian, plazari izena aldatu diote, plazako plaka ofizialaren azpian Txillardegi plaza dioen plaka bat jarriz, urteroko legez; “ea iaz baino gehiago irauten duen”, gaineratu dute. Jarraian, Txikia abestu dute, Txillardegiri asko gustatzen zitzaion abestia baita, azaldu dutenez. Revuelta, Etxebeste, Aizpuru eta Urbieta musikariek jarri dute musika.
Bestalde, aipatu herri ekimeneko kide Fito Rodriguez idazleak hartu du hitza, eta Txillardegiren “izaera mugagabea” goraipatu du. Txillardegiren ibilbide luze eta oparoa errepasatu du, eta nabarmendu du “herri honek zor handia” duela oraindik idazle donostiarrarekin. Horregatik, hain justu, nahi dute udal liburutegiari eta Gaskonia plazari bere izena jartzea. Horrela, deitoratu du “setati” askok Txillardegiren memoria baztertu nahi dutela, baina herriak gogoratzen jarraituko duela; horren harira, hain zuzen ere, horma irudian QR kode bat jarri du Rodriguezek, kode hor mugikorrarekin irakurrita, edozeinek kontsultatu ahal izan ditzan Txillardegiri buruzko erreferentziak, hamazazpi hizkuntzatan. QR kode hori plazaren izenaren azpian eta Txillardegi Etxea zegoen plazaren aldeko panelean ere jarri dute.
Ondoren, Euskal Herrian euskaraz ere kantatu dute denek batera, eta Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek herri ekimenarentzat sortutako bertsoa abestu dute jarraian; hiriko kale izendegia errepasatu ostean, “eta Txillardegik non du liburutegia?” galdetzen diote euren buruari abestian Gaztelumendi anaiek. Ekitaldi aldarrikatzailea izan da, baina baita jai girokoa ere, Zazpi jauzi dantzatzen bukatu baitute denek elkarrekin.
Jarraian, ekitaldiaren bideoa eta irudi bilduma: