2deo Serieak eta Noka ikus-entzunezko deialdietan izena emateko epea ireki du Tabakalerak
Tabakalerako ikus-entzunezkoen ekosistema osatzen duten erakundeek sorkuntzara bideratutako laguntza eskaintza zabala prestatu dute: proiektuak garatzeko laguntza programak, masterclass eta tailerretan oinarrituriko programazio publikoa, eta sortzaileentzako hainbat baliabide.
Hirugarren urtez garatuko den 2deo Serieak programak telesail sortzaileen –gidoilariak eta ekoizleak– proiektuak tutoretzan hartu, lagundu eta babestea du helburu. Proiektu bakoitzeko banakako aholkularitza eskaintzen du, mentoring espezifikoak eta ekoizle, banatzaile edo inbertitzaileen aurrean azken aurkezpena egiteko aukera eskaintzen du, batez ere, telebista plataforma eta kanaletara bideratuta. Hiru proiektu izango dira orotara hautatuak, horietako bat, gutxienez, euskaraz, eta jasoko duten laguntza ekonomikoa 5.000 eurokoa izango da.
Aurtengo edizioa Crossover Series Festival seri -jaialdiarekin batera hasiko da eta Donostia Zinemaldiaren itxierarekin batera amaituko da. Bi horiek dira, hain zuzen ere, Tabakaleraren bidelagun 2deo serieak proiektu honetan. Deialdia gaurtik otsailaren 26ra egongo da zabalik.
2022an euskarazko hamabi proiektu digital berritzaile babestu zituen deialdi honek: Sutan Bang podcasta, Zertako! webseriea, Egin klak proiektua eta Bertikala podcasta, besteak beste.
Noka
Euskal emakume zinegileentzako egitasmoa da Noka Mentoring, eta zinemaren sektorean emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna sustatu nahi ditu. Noka programa Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta aurten, lehenbizikoz, Iparraldeko emakume zuzendari hasiberrien film luzeen proiektuak lagundu, tutoretzan hartu eta babestu nahi ditu. Zehazki, gidoigintzari, zuzendaritzari, ekoizpenari, industriari eta foro profesionalei buruzko aholkularitza eskainiko du.
Laugarren edizioan hautatutako hiru proiektuek Maider Oleaga, Diana Toucedo eta Celia Rico entzute handiko mentoreen laguntza eta aholkularitza izango dute, eta hautatuko zinegile bakoitzak 4.000 euroko laguntza jasoko du bere proiektuak garatu ahal izateko. Gainera, aurten Hasieratik. Historia feministak zikloaren baitan –Artiumen eta Tabakaleran proiekzioak jasotzen dituena– 2019tik deialdi honetan parte hartu duten hamabi zuzendariek programatzeko aukera izango dute. Programa hau Zineuskadik eta Tabakalerak antolatzen dute, Elias Querejeta Zine Eskola eta Donostia Zinemaldiaren laguntzarekin. Deialdia gaurtik otsailaren 26ra arte egongo da zabalik.