Aldamar kaleko 1. eraikina eraisten hasi direla salatu du Ancorak
Aldamar kaleako 1 zenbakidun etxea. (Argazkia: Ancora) Urtea hastearekin batera, Aldamar kaleko 1 zenbakidun eraikina eraisten hasi direla deitoratu du Ancorak. Joan den astean, ustekabeko sute bat piztu zen eraikin historiko horren barruan, “langileen deskuidu batek eraginda”, Ancoraren arabera. Gertakariak alarma guztiak piztu zituen, eta suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten.
Etxea 1889. urtekoa da, eta zurezko egitura eta hareharrizko fatxada ditu. Ondoko 3. eraikinarekin batera eraiki zuten, eta biek arkitektura-proiektu komun bati erantzun zioten. Eraikin biki horiek Aldamar kaleko zaharrenen artean daude, eta eraikitzeko unean, Zurriolako harresiaren gainean bermatzen ziren zuzenean, oraindik desmuntatu gabe baitzegoen.
Parte Zaharreko monumentu-multzoaren ertzean daude, eta etxe-sail unitario bat osatzen dute. “Beraz, jarduteko irizpide bera aplikatu beharko litzateke hura osatzen duten bi komunitateetan”, nabarmendu du Ancorak. Eraikinaren egilea Domingo Ezeiza arkitektoa izan zen, Bidaniakoa eta Valladolideko Eskolan ikasia. Ezeizak eraikin enblematikoak sinatu zituen, hala nola, Ategorrietako Jai-Alai frontoia edo Langraiz Okako bainuetxea, eta obra-kontratista gisa lan egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundian.
Ancoraren arabera, eraikin horien babesik eza “anomalia” bat da, HEOBPBn sartu ez diren XIX. mendeko ia etxe bakarrak baitira. CE.04 ZABALGUNEA eremukoak dira, eta bertako Arau Partikularrek trazadurak eta ondare arkitektonikoa zorrotz zaintzea eskatzen dute. “Donostiako Erdigunean, 1980ko hamarkadaz geroztik, irizpide komuna fatxada historikoak ia salbuespenik gabe zaintzea izan da. Izan ere, katalogatutako hainbat eta hainbat eraikinek antzeko eraikuntza-ezaugarriak dituzte”, azaldu du Ancorak.
Haien arabera, horregatik ez da ulertzen hemen “salbuespen bat” aplikatu nahi izana; “are gehiago, Aldamar kaleko 1 eta 3 zenbakidun etxeak EAEko Ondare Historiko-Arkitektonikoaren Inbentarioan sartuta daudenean”. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak beharrezkotzat jotzen du HEOBPBn sartzea, eta sendotzeko edo zaharberritzeko esku-hartzeak baino ez ditu gomendatzen. “Ancorak, halaber, hura mantentzeko eskatu zuen, baina udalak ez zuen alegazio hori aztertu, ezta erantzun ere. Alegazio horren arabera, demanda bat jarri zen EAEJANn, bai eta errekurtso bat ere, gaur egun izapidetze-fasean dagoena”, azaldu dute.
Nekane Arzallus zinegotziak “aipatutako eskaerei jaramonik egin gabe” eman du eraispen hau egiteko baimena Ancorak dioenez, eta Eraikuntza Arkitektoaren eta HEOBPBren txosten zabal bat “urratu” duela azaldu dute, Aldamar 1eko higiezinari zalantzarik gabeko ondare-balioa ematen ziona.
Ancoraren ustez, gertakari horiek “oso larriak” dira, berriz ere agerian uzten baitute hirigintza-kudeaketaren gardentasunik eza. “Gogoratu behar da ez dela ondarearen arloko txosten teknikoak ezkutatzen diren lehen aldia: 2019ko irailean, Arte Ederrekin gertatu zen hori, eta oposizioko alderdi guztiek salatu zuten. 1.000 sinadura baino gehiago bildu dira Aldamar 1 babesteko eta eraisteak ezinegon handia piztu du Parte Zaharreko bizilagunen artean, nazkatuta baitaude etengabe egiten ari diren lanek sortutako eragozpenekin”, nabarmendu dute.


