Alerta laranja dela eta, parkeak itxiko dituzte asteartean
Babes zibilak jakinarazi du kostaldean olatuen inpaktua handia izango dela, eta haizeak gogor joko duela. Horregatik, gaur eta asteazkena bitartean alerta laranja ezarri dute. Ondorioz, itxita egongo dira Haizearen Orrazirako eta Leizaola pasealekurako sarbideak, baita Pasealeku Berria ere –oinezkoentzat zein ibilgailuentzat–.
Hiriko parkeetan ere prebentzio neurriak hartuko dituzte, eta itxi egingo dituzte bihar, asteartea. Aieten sarbidea debekatuta egongo da. Soilik kultur etxera eta Topalekura sartzeko aukera izango da. Kristinaenea ere itxi egingo dute. Soilik kanpoko ibilbideak irekiko dituzte: Mundaiz bidea, Mikel Laboa pasealekua, Urumea pasealekua eta Federico Garcia pasealekua. Urgullen sartzea ere debekatuko dute. Soilik ikastolara joateko bidea irekiko dute. Miramar parkea ere itxita egongo da, baita Antiguako Serafin Baroja eta Loiolako Erriberako Oroimenaren lorategia ere.