"Buru nahasmenduak eta pertsona gaixoen adina aldatzen ari dira"
Agifes Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea irabazi-asmorik gabeko entitatea, 1985 urtean sortu zen buru nahasmendua duten pertsonak gizarteratzen eta komunitatean barneratzen laguntzeko. Entitateak Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du aurten. Ruth Encinas Agifeseko kudeatzailearekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak.
Agifesek Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du aurten. Nola hartu zenuten berria?
Ezusteko bat izan zen guretzat. Ez genekien norbaitek gure izena proposatu zuenik, eta guretzat ohorea da. Harro sentiarazten gaitu aitortza honek, gure lana balioan jartzen duelako. 35 urte baino gehiago daramatzagu Gipuzkoan buru osasuneko arazoak dituzten pertsonekin eta euren senideekin lanean, eta guretzat ohore bat izan da.
1985etik ari zarete buru nahasmendua duten pertsonak gizarteratzen. Norekin ari zarete lanean une honetan?
Gutxi gorabehera, 450 erabiltzaile ditugu Gipuzkoan (senideak eta buruko gaitzak dituzten pertsonak), baina 1030 bazkide inguru gara. Donostiarrak erabiltzaileen %40 dira, gutxi gorabehera.
Zein buruko gaixotasun dira ohikoenak gaur egun?
Beti egin izan dugu lan eskizofrenia eta nahasmendu bipolarra duten pertsonekin. Guregana etortzen diren pertsonen %90ak, gutxi gorabehera, eskizofrenia du. Hala ere, egia da duela lau edo bost urtetik, gero eta jende gazteagoa etortzen dela guregana. Era berean, diagnostikoak ere aldatzen ari dira: orain nortasunaren nahasmendua eta jokabide nahasmendua, adibidez, gero eta gehiago atzematen ditugu, eta, esan bezala, gero eta jende gazteagoarengan.
Horrez gain, depresioa eta antsietatea orain arte ez dugu hainbeste ikusi, baina hori beti egon da gizartean. Pandemiaren ostean, gaixotasun horiek dituen gero eta jende gehiago ari da etortzen guregana. Beraz, esan dezakegu nahasmenduak eta pertsona gaixoen adina aldatzen ari direla.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?
Agifesera edonor etor daiteke informazio bila: bai gaitzak dituztenak, eta baita euren senideak ere. Azken finean, gu senideekin hasi ginen lanean. Lehenengo arreta zerbitzua doakoa da, eta hitzordua eskatzeko telefonoz, webgunearen bidez edo gure egoitzan egin daiteke. Lehenengo hitzordu horretan, bakoitzak bere egoera azaltzen dio zerbitzu langileari, eta hortik deribazioak egiten ditugu gure programetara edo beste entitate batzuetara.
Gure elkartean hainbat zerbitzu ditugu: alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat dugu etxebizitzak eta eguneko zentroak kudeatzeko. 87 plaza ditugu eguneko zentroetan, eta 72 plaza etxebizitzetan. Horrez gain, aisialdi programa bat dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Baina gure programa propioak ere baditugu: senideei laguntzeko taldeak eta bakarkako laguntza psikologikoa, besteak beste. Zerbitzu juridiko bat ere badugu, tutoretzei buruz hitz egiteko edo gogoz kontrako ingresatzeak martxan jartzeko.
Bestalde, Zeuk aukeratu izeneko programa berezia dugu gazteentzat, eta ikastetxeetan ere sentsibilizazio programak egiten ditugu. Bestalde, elkarri laguntzeko programa bat dugu: diagnostikoa duen langile batek arreta ematen dio buru osasuneko gaixotasun bat duen beste pertsona bati, berdinak berdinen artean laguntzeko. Programa hau sortzen lehenengoak izan ginen EAEn.
Zenbat profesional dituzue Agifesen?
52 profesional inguru.
Zenbait egoitza dituzue?
Hiru egoitza ditugu Gipuzkoan: bi Donostian (bat Benta Berrin, eta bestea Buenavistan), bat Eibarren eta Loiolan aisialdi programetarako egoitza bat dugu. Bestalde, 15 etxebizitza ditugu Gipuzkoan: Donostian bi, Zarautzen beste bi, Irunen hiru, Beasainen bat, Astigarragan, Oiartzunen, Pasaian, Elgoibarren, Eibarren eta Zumarragan.
Buru osasuneko gaixotasunek oraindik tabu bat izaten jarraitzen dutela uste duzu?
Bai. Arlo horretan asko hobetu dugu; nik 11 urte daramatzat Agifesen, eta ikusi dut azken urteetan gero eta gehiago hitz egiten dugula gai horren inguruan. Hala ere, oraindik estigma handia dago. Orain asko hitz egiten da buru osasunaren inguruan: politikariak ere ari dira fokua horretan jartzen, eta pandemiaren ostean, gero eta gehiago hitz egiten da horri buruz. Hori oso ona da kolektiboarentzat, baina auzoan eskizofrenia duten pertsonak bizi diren etxe bat egotea oraindik ez du ondo ikusten jendeak. Arriskutsuak izan daitezkeela pentsatzen dugu, eta sentsibilizazio programek lagundu dezakete hori aldatzen. Baina oraindik asko falta da horretarako.
Zein erronka ditu Agifesek etorkizunera begira?
Alde batetik, erakundeekin koordinazio eta kolaborazio lana egin behar dugu eskubideak bermatzeko, eta gero eta errekurtso gehiago izateko. Adibidez, Osakidetzan dauden psikologo eta psikiatrekin elkarlanean aritzeko erronka polita dugu. Bestalde, gure ustez, gazteekin eta ikastetxeekin egin behar dugu lan honetaz hitz egiteko eta prebentzio lana egiteko. Uste dut baliabide zehatzak egon behar direla gazteentzat: ezin duzu 22 urteko pertsona bat etxebizitza batean izan 50 urteko jendearekin. Horretarako baliabide bereziak egon behar dira, eta gero eta gehiago, programa komunitarioak. Azken finean, bizi kalitatea hobetzeko, enplegua, etxebizitza eta gure komunitatean ondo egotea behar dugu. Bestalde, adineko jendearekin ere berdina gertatzen da. Ohartu gara buru nahasmenduren bat duten adineko pertsonentzat ez dagoela programa berezirik. Beraz, hori ere landu behar da pixka bat.