Helduen danborradarik jendetsuena izango da aurtengoa, 20.411 lagunen parte hartzearekin
Inoizko San Sebastian egun jendetsuena izango da aurtengoa, izan ere, Helduen Danborradan 20.411 lagunek hartuko dute parte. Zazpi danborrada berri gehituta, 158 danborradek Sarriegiren martxak interpretatuko dituzte Donostiako auzoetan eta kaleetan. Plaza Berrian igo eta jaitsiko den bandera Intxaurrondoko Artzak Ortzeok danborradari emango zaio, izan ere, elkarte horrek 100 urte bete zituen 2021ean. Bestalde, Ur Kirolakek ere 100 urte bete zituen iaz, eta bandera igoeran parte hartuko dute.
Gaur aurkeztu dute udaletxean Helduen Danborrada, eta Jon Insausti Kultura zinegotziak azaldu duenez, ehunekotan, danborrada mistoak guztien %94,30 izango dira. Soilik gizonezkoak direnak %5 dira, eta soilik emakumeena dena bakarra, Emakumeen Etxekoa. 20.411 parte hartzaileetatik 11.228 gizonezkoak izango dira, eta emakumezkoak, aldiz, 9.181.
2020an egin zen Helduen Danborrada azken aldiz pandemia aurretik, eta urte hartan 19.004 pertsonak hartu zuten parte (%42,72 emakumezkoak eta %57 gizonezkoak). Aurtengo hazkundeari erreparatuz, Insaustik nabarmendu du jendea “festarako gogoz” dagoela.
Bandera igoera
1934. urteaz geroztik bandera igotzeko ekitaldian Gaztelubide elkarteko danborradak parte hartzen duen arren, 1999. urteaz geroztik, beste danborrada batzuetako danborrek eta barrilek ere jotzen dute Plaza Berrian. Aurten, 117 pertsonek adierazi dute banderaren igoeran Gaztelubiderekin batera parte hartzeko asmoa. Igoera ekitaldian, Easo Abesbatzak (aurtengo Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko duenak) eta Kresala dantza taldeak ere hartuko dute parte. Elkarrekin abestu eta dantzatuko dituzte Donostiako Martxa, Diana eta Iriyarena abestiak.
Bandera jaitsiera
1957. urteaz geroztik, Union Artesana elkarteko lagunek soilik hartzen zuten parte bandera jaitsieran. Aurten, 100 pertsonek eman dute izena ekitaldi horretan parte hartzeko. Amaierako jaia 23:30ean hasiko da Sarriegi plazan, eta, jarraian, Plaza Berrirantz joango dira elkarrekin. Gainera, nabarmentzekoa da edizio honetan Union Artesanako haur danborrada berriko hiru kidek hartuko dutela parte agertokian, Aitor Oiarzabal danbor nagusiari San Sebastian martxa zuzentzen lagunduz.
Urteurren borobilak
Sei danborradek urteurren borobilak ospatuko dituzte aurten: Intxaurra, CD Lagun Artea, Jatorrak eta Argazkilari Elkartearen danborradek 25 urte beteko dituzte. CD Donostiarenak 50 urte beteko ditu, eta CD Vasconiarenak, aldiz, 75 urte. Danborrada horietako ordezkariak ere izan dira Helduen Danborradaren aurkezpenean.