Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Arartekoarengana jo du terrazen aferagatik
Donostiako Udalak terrazen ordenantza betetzen ez duela salatzeko, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak kexa bat aurkeztu dio Arartekoari. “2022ko ekainaren 25etik urtea bukatu bitarte aurkezturiko salaketekin lorturiko jarduera okerrengatik aurkeztu dugu, eta udalak salaketa horiei emandako erantzun eskasagatik”, azaldu dute.
2020 azaroan, pandemia betean, Donostiako Udaleko Alkatetzak hiriko ostalaritza establezimenduetako terrazen ordenantza malgutu zuen, premiazko eta salbuespenezko neurri batzuk onartuta. Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera 2021ko maiatzaren 9an bukatu zen, eta osasun larrialdi egoera 2022ko otsailaren 14n ezarri zuen EAEn Eusko Jaurlaritzak. “2022ko apirilaren 27ra arte, alkatetzak ez zuen hartutako neurriak indarrik gabe uzten zituen ebazpenik eman, nahiz eta ondorioak 2022ko ekainaren 25era atzeratu ziren. Egun horretatik aurrera, terrazen ordenantza berrezarri behar zen osorik. Ordea, egun horietan udalak egindako adierazpenetan argi utzi zuen terrazen aferan malgutasunarekin jokatuko zutela”, adierazi dute.
Udalak terrazen ordenantza berrezartzeko neurririk hartu ez zuelako, auzo elkartea ordenantza urratzen zuten establezimenduak kontrolatu eta salatu zituen. Parte Zaharreko 80 establezimenduri buruzko 143 salaketa aurkeztu zituzten.